Ekonomia -
Sagardotegi garaia
Sagardogileak "baikor" denboraldi berriaren atarian, nahiz eta neurri murriztaileak izan
Uzta "historikoa" izan dela aurreratu dute, 5 milioi kilo sagar bildu baitituzte Euskal Sagardoa jatorri izendapeneko 250 sagardogileek, iaz baino hiru bider gehiago. Uztarekin 3,5 milioi litro sagardo egin dituzte.
EiTB Media
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardotegiak aste honetan hasiko dira ateak irekitzen. Astearte honetan sektoreko egoeraren datuak eta protokoloaren berri emango dute, baina eitb.eus-i aurreratu diotenez, "baikor" dira iaz baino "testuinguru hobea" dutelako; izan ere, 2021ean ezin zuten gauez ireki, eta aurten horretarako aukera dute.
Gainera, iaz herritarrek mugikortasuna mugaturik zuten, herrien artean aske mugitzea ezinezkoa baitzen. Hala ere, protokoloa egoerara egokitu beharko dute sagardotegiek, eta kontsumoak eserita beharko du izan, ohartarazi dutenez.
Sektoreak esku artean datu "onak" dituela aurreratu du. Uzta "historikoa" izan dela nabarmendu dute, 5 milioi kilo sagar bildu baitituzte Euskal Sagardoa jatorri izendapeneko 250 sagardogileek (500 hektarea), iaz baino hiru bider gehiago. Uztarekin 3,5 milioi litro sagardo egin dituzte.
Iaz urte nahiko eskasa izan omen zen, baina aurten sagarrondoek zikloa bete eta sagar urtea "tokatzen" zela azaldu dute ekoizleek. Gainera, sagardi berriak sartu dira produkzioan, eta "emankorragoak" izan ohi direla erantsi dute.