Ekonomia -
LAN GATAZKA
Gaur greba eguna dute Bizkaibusen zerbitzua ematen duten Avanza Durangaldea enpresako langileek
Deialdiak Eibar, Elorrio, Ermua, Laudio, Arrasate eta Urduña inguruan dabiltzan autobusei eragingo die.
AGENTZIAK | EITB Media
24 orduko greba eguna dute gaur Bizkaibusen linea batzuetan zerbitzua eskaintzen duten Avanzada Durangaldea enpresako langileek, 2020tik iraungita dagoen lan hitzarmena berritzea eskatzeko. Gainera, enpresa batzordeak ez du baztertzen mobilizazio gehiago egitea otsailean eta martxoan. Deialdiak Eibar, Elorrio, Ermua, Laudio, Arrasate eta Urduña inguruan dabiltzan autobusei eragingo die.
Avanza Durangaldea enpresak 350 langile eta 75 autobus baino gehiago ditu.
Deialdia egiterakoan ELA sindikatuak ohar batean adierazi zuenez, enpresak lan hitzarmena berritzeari uko egin diolako eta lan baldintzetan eta beste hainbat alorretan murrizketak egin dituelako deitu dute gaurko 24 orduko lanuztea.
05:00etan kontzentrazioa egin dute Bizkaibusek Lemoan duen garajean. 09:00etan manifestazioa egingo dute Bilboko Zabalburu plazatik abiatuta, eta erdiguneko kaleak zeharkatu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak Iparragirre kalean duen egoitzaren aurrean amaituko da.
Gutxieneko zerbitzuak Bizkaibuseko webgunean kontsultatu daitezke.