Ekonomia -
lan-istripuak
Urteko lehen lan-heriotza salatu dute Barakaldon
Zenbait elkarte sozial eta sindikalek elkarretaratzea deitu dute Euskadin 2022an atzemandako lehen lan heriotza salatzeko.
agentziak | eitb media
Barakaldoko (Bizkaia) Berri Otxoak gizarte-elkarteak lanpostuan gertatutako urteko lehen heriotza salatu du. Astelehenean izan zen, urtarrilaren 3an, udalerriko saltoki batean.
Gizarte bazterketaren aurkako plataformak jakitera eman duenez, heriotza elektrizitate-denda baten lan gunean izan zen. Kausa ez traumatikoek eragin zuten, eta biktimak 59 urte zituen.
Bertako zenbait elkarte sozial eta sindikalek elkarretaratzea deitu dute "Lan Istripurik Ez!" lelo pean, Euskadin 2022an atzemandako lehen lan-heriotza salatzeko.
Mobilizazioaren salaketen artean daude "azpikontratazioa, prekaritatea, prebentziorako neurri falta edo segurtasun-neurrietan inbertsio eza". Adierazi dutenez, aipatutakoak "eskutik doaz lanpostuan heriotza bat gertatzen denean".
Gainera, elkarretaratzearen bidez, "geure babesa eta elkartasuna adieraziko diegu hildako langilearen familia, lagun eta hurbilekoei".