Ekonomia -
Mobilizazioak
Bizkaiko dendetako beharginek euren lan baldintzetan "beherapenak ez" daudela ohartarazi dute
Cebek patronalaren egoitza eta Bilboko saltoki batzuen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte langileek, soldata eguneratu barik eta "lan baldintzetan hobekuntzarik gabe urteak" daramatzatela salatzeko.
Agentziak | EiTB Media
Bizkaiko dendetako beharginek euren lan baldintzetan "beherapenak ez" daudela ohartarazi eta mobilizazio garai baten hasiera iragarri dute, "laneko eskubideak" aldarrikatzeko. "Negoziazio mahaietan mugimendurik" ikusten ez baldin badute, protestak "areagotuko" dituztela erantsi dute.
ELA eta LAB sindikatuek Bizkaiko merkataritza mobilizatu dute asteazken honetan, zapata eta larru sektorea, zein ehungintza, merkataritza oro har. Patronala hitzarmenak "blokeatzen" ari dela salatu dute beharginek.
Cebek patronalaren egoitza eta Bilboko saltoki batzuen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte langileek, soldata eguneratu barik eta "lan baldintzetan hobekuntzarik gabe urteak" daramatzatela salatzeko, ELAk jakitera eman duenez.
Cecobi merkataritzako patronalak, "jasan dugun erosteko ahalmenaren galerarekin pozik ez, lan baldintzetan atzera egitea planteatzen digu", salatu du sindikatu abertzaleak.
Zentzu horretan, patronalaren proposamenak errefusatu ditu, hala nola, udan larunbat arratsaldeetan lan egitea, antzinatasuna desagertzea edo igande eta jaiegunetan dendak zabaltzea.