Ekonomia -
Balantzea
Bilboko metroan bidaia kopuruak % 19ko gorakada izan zuen 2021ean, baina 2019ko errekorretik urrun segitzen du
Bilboko Metroko arduradunek azpimarratu dute 2021. urtea murrizketekin hasi zela pandemiaren eraginez, eta, beraz, iazko emaitza "bikaina" dela iritzi diote.
EUROPA PRESS | EITB MEDIA
Metro Bilbaok 66.779.198 bidaia egin zituen 2021. urtean, hau da, aurrekoan baino %19,28 gehiago. Hazkunde "bikaina" izan dela adierazi dute metroko arduradunek, baina 2019ko marka historikotik urrun dago: 91.570.001 bidaia erregistratu baitzituzten orduan.
Ildo horretan, gogora ekarri dute pandemiaren hirugarren olatuaren ondorioz ezarrita zeuden murrizketekin hasi zela 2021. urtea. Mugikortasunaren murrizketa maila ezberdinak igaro ostean, gaueko zerbitzua ez zen urrira arte guztiz berreskuratu. Eguneko zerbitzua, berriz, osorik eman da 2021ean.
Lanegunetako bidaien banaketari dagokionez, metroko arduradunek nabarmendu dute 2021ean gehiago berreskuratu direla goizeko eta eguerdiko puntako orduetako bidaiak, abenduan % 85 izan baitira, 2019ko datuekin alderatuta.
Metroaren sare osoan gehien erabiltzen diren geltokiei dagokienez, azken urteetako berberak izan dira, baina bidaia kopuru txikiagoak izan dituzte: Zazpikaleak (5.081.666), Indautxu (4.641.763), Moyua (4.327.349), Abando (4.292.714) eta San Mames (4.211.928).
Bestalde, erabilera ehunekoan hazkunderik handiena izan duen txartela Creditrans izan da, %56,9 erabili baita, marka historikoa lortuz. Igoera hori, batez ere, aldi baterako txartelak gutxiago erosi direlako etorri da, mugikortasun murrizketen ondorioz bezeroek ez baitzuten jakiterik izan zenbat bidaia egin ahalko zituzten.
Gizatrans txartelaren erabilerak, berriz, behera egin du pixka bat, 65 urtetik gorakoen kolektiboak joan-etorri gutxiago egin baititu: erabilera maila 2020ko % 11,55etik 2021eko % 11,3ra igaro da; 2019an % 13,80koa izan zen.
Urteko txartela ere gutxiago saldu da, gainerako abonu txartelen arrazoi berberengatik: ziurtasun eza egin ahal izango zuten bidaien kopuruaz.
Bezeroek metroaren zerbitzuaz emandako iritziari dagokionez, 10 puntutik 8 jaso ditu.