Ekonomia -
2021eko abenduko datuak
Langabezia % 11,14 jaitsi da EAEn eta % 21,19 Nafarroan 2021ean
EAEko hiru lurraldeetan egin du behera, baita ia adin tarte guztietan ere, gazteen artean bereziki. Foru Erkidegoan langabeen kopurua % 1,02 igo zen azaroarekin alderatuta.
E.G.- N.B. | EITB Media
Urteko langabeziak behera egin du bai Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), bai Nafarroan. Jaitsierak % 11,14koak izan dira EAEn eta % 21,19koak Foru Erkidegoan.
Hori horrela, 2021a 14.395 langabe gutxiagorekin itxi du EAEk, hots, aurreko urtean baino % 11,14 gutxiago, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan jasotako eta Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak kaleratutako datuen arabera.
Pandemiaren bigarren urte honen amaieran 114.845 pertsona zeuden lana topatu ezinda. Iazko datuekin alderatuta ez ezik, aurreko hilabetearekin erkatuta ere jaitsi da langabezia: % 2,41 egin du behera, 2.934 langabe gutxiago zenbatu baitira.
Enpleguak bilakaera ona izan du hiru lurraldeetan, eta ia adin tarte guztietan ere, batez ere gazteen artean. Emakume langabe gutxiago daude orain, bereziki zerbitzu sektorean.
Datu on horiek eskuan, osasun krisiak suntsitutako enplegua errekuperatu dela nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak. Datu bat horren adibide: abenduan 2020ko otsailean (pandemia lehertu aurreko hilabetea) baino 2.392 langabe gutxiago zenbatu ziren.
Emakumeen artean jaitsi da gehien, baina langabeen erdia dira oraindik
Abenduan, langabeziak emakumeen artean egin du behera bereziki (2585 gutxiago), ez horrenbeste gizonen artean (349 langabe gutxiago). Dena dela, urteko alderaketan, gizonen artean jaitsi da gehien (-7667) emakumeen artean baino (-6728). Izurriak gizonezkoen enplegua kolpatu zuen gogorren hasieran, baina "orain berreskuratzeko ahalmen gehiago erakutsi dute", Idoia Mendiak zuzentzen duen Sailaren arabera. Hori horrela, lanik ez duten pertsonen erdia baino gehiago (% 55,4) emakumezkoak dira.
Adin tarteei erreparatuta, beherakada handiena 35 urtez azpikoen artean izan da (% 54 jaitsi da). Lan bila dauden 28.280 gazte daude (% 24), baina iaz baino 6.439 gutxiago dira (% 18). Langabe gehienak 45 urtetik gorakoak dira (60.799, kopuru osoaren ia erdia), baina adin tarte honetan ere behera egin du langabeziak hilabete honetan (3.000 pertsonak lortu dute enplegua).
Sektoreka, zerbitzuen alorrean jaitsi da gehien (% 3,1 gutxiago), baita lehen sektorean ere ( % 1,4 gutxiago). Gora egin du, ordea, industrian (% 2,7 gehiago) eta eraikuntzan ( % 0,3). Dena dela, urte arteko tasan beherakadak izan dira nagusi: industrian % 14,3 egin du behera; zerbitzuetan, % 11,3, eta eraikuntzan, % 10,7 %. Gainera, abenduan epe luze langabeziak zein epe laburrekoak egin dute behera (791 pertsona eta 2.143 pertsona hurrenez hurren).
Lurralde guztietan egin du behera langabeziak. Bizkaian gehien (% 3,4: 64.878 langabe guztira, 2276 gutxiago), ondoren, Gipuzkoan (% 1,4; 30.553 langabe, 417 gutxiago) eta Araban (% 1,2; 19.414, 241 gutxiago). Iazko abenduarekin alderatuta, Gipuzkoak izan du bilakaera onena, % 11,27 egin baitu behera langabeziak; Bizkaian % 11,22 eta Araban % 10,65 gutxitu da. Hiriburuei dagokienez, Bilbon 677 langabe gutxiago ditu (-% 3); Gasteizen, 188 gutxiago (- % 1,2) eta Donostian, 221 gutxiago (% -2,9).
Idoia Mendiak afiliazio datuen gorakada historikoa azpimarratu du. Lan eta Enplegu sailburuak enpleguari buruzko datuen balorazio positiboa egin du. Azaldu duenez, "duela urte eta erdi inork ezin zuen gaurko egoeraren antzekorik espero".
Foru Erkidegoa
Nafarroak 32.026 langaberekin amaitu du urtea, 2020an baino % 21,19 gutxiago, 8.611 langabe gutxiago baitaude.
Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak emandako datuen arabera, hala ere, abenduan langabeen kopurua % 1,02 igo zen azaroarekin alderatuta, 324 langabetu gehiagorekin.
Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak 2021ean erregistratutako langabeziari buruzko datu "oso positiboak" baloratu ditu, "serie historikoko langabeziaren jaitsiera handienarekin" amaitzen baita, pandemiaren aurreko zifrak gainditu direla baieztatzen dute eta susperraldi ekonomikoa "oso indartsua" izaten ari dela adierazten dute.
Estatuan, autonomia erkidego guztiek amaitu zuten 2021a langabeen kopurua jaitsita. 2021aren amaieran, langabezia 3.105 905 langabekoa izan zen, 2020an baino 782.232 gutxiago (% 20,12 gutxiago); beraz, serie historiko osoko urteko murrizketarik handiena erregistratu da.