Ekonomia -
urteurrena
Euroak 20 urte: Nola aldatu digu bizitza?
Euroa indarrean sartu eta 20. urteurrenean, atzera begiratu eta egungo egoera aztertu dugu ekonomialari baten laguntzaz.
itxaso leon kareaga | eitb media
2022ko urtarrilaren 1 honetan hogei urte bete dira pezetari agur esan genionetik, euroa geure bizitzetan bete-betean sartu zenetik, alegia. Bi hamarkadak askorako eman dute, baina bada oraindik pezetetan pentsatzen duenik. Nola aldatu digu bizitza euroak? Gizartea erabat ohitu al da, erabat, Europar txanponera?
Espainiako Bankuaren kalkuluen arabera, 2021eko ekainaren amaieran, euroa indarrean sartu aurretik zirkulazioan zeuden pezeten % 55 aldatuta zegoen. Txanponak aldatzeko epea agortuta, gainerako % 45 herritarren esku geratu zen, batzuk oroitzapen edo bilduma-objektu gisa, beste batzuk hondatuta edo galduta, eta hainbat diru turisten poltsikoetan, kanpoan.
Gorka Macias ekonomialaria da eta, haren aburuz, hogei urteko ibilbidea egin duen aldaketa horrek desberdin eragin die belaunaldi desberdinei. Azaldu duenez, Espainiako Estatuaren ezaugarri nagusietako bat da bertako herritarren batezbesteko adin altua", horregatik, "pertsona asko pezetara ohituta zeuden".
Pertsona horiek "kantitate handiei buruz hitz egitean, etxebizitzen edo autoen salerosketari zein urteroko soldatei buruz, esate baterako", pezetetarako itzulpena egin behar izaten dute oraindik, "kantitate handiaz edo txikiaz ari garen ulertzeko".
Bestalde, gogorarazi du 30 urtetik beherakoek oso bestelako errealitate ekonomikoa bizi izan dutela, eta pasadizo pertsonal batekin irudikatu du hori: "ikastolan jasotako matematika liburu baten atzealdean pezetak genituen ikasteko, baina ikasturte erdialdera liburua aldatu ziguten". Hortaz, pezeta esku artean izatera eta erabiitzera iritsi ez zen belaunaldi baten kide da. "Nik eurotan pentsatu izan dut beti".
Hurbileko iragan baten oroitzapenak
"Pezeta iraganari eta euroa etorkizunari lotuta ditugunez, errepikatu ohi da antzina milioi bat pezetarekin egungo 6.000 eurorekin baino askoz gehiago egin genezakeela". Baina "egungo prezioak", adierazi du ekonomilariak, "ez dira euroa indarrean sartu zenekoak". Nabarmendu duenez, "bizi-maila garestitu egin da, baina soldatak ez ziren neurri horretan hazi, ekonomia ez baitzegoen prest".
Espainiako Estatuaren kasuan, abiapuntua egitura ekonomiko "okerrago" bat zela mahaigaineratu du, "izan ere, frankismotik gentozen, eta egitura berri hori gainerako herrialdeen itzalpean eratu zen". Menpekotasun horrek, gaineratu duenez, sarritan "bere txanpona gobernatzen duten potentzien atzetik" utz dezake herrialde bat.
Europartzea eta garapena
Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak ostiral honetan zenbait europar egunkaritan argitaratutako artikulu batean adierazi duenez, euroak europarrak "indartu" egin ditu krisien aurrean, koronabirusaren pandemia barne.
Lagarderen hitzetan, "pandemiaren gisako une kritikoetan, txanpon bakarra funtsezkoa izan da Europan erantzun desberdinak koordinatzeko". Era berean, EBZren presidenteak dio "euroak europarren arteko batasun sentimenduari lagundu" diola, euroa eta Europa "bereizezinak baitira orain".
Gainera, argudiatu duenez, "europar gazteentzat, betidanik txanpon bakarra ezagutu dutelarik, ia ezinezkoa izan behar da Europa eurorik gabe irudikatzea".
Ildo horretatik, txanpon aldaketari buruz Maciasek etengabe azpimarratzen duen aldeetako bat da Espainia "gehiago europartu" dela; "lan-eskubideei, baliabide berdeei zein bizimoduari dagokienez".
Ekonomilaria ez da aldaketa horren alde edo kontra egitera ausartzen baina, nabarmendu duenez, erabaki politiko guztiek dituzte "alde onak eta alde txarrak, eta zaila da etorkizunean izango duten eragina kalkulatzea".
Euroaren ezarpenak ekarri dituen onuren artean, aipatu du "moneta-politiken ordez egiturazko politikak ezartzeko ahalmena, gaur adabaki bat ipini eta bihar arazo berdina agertzea ekiditeko". Bestalde, fokua desabantailen gainean ipinita, adierazi du "Europar Batasunetik kontrol zentralizatu gehiago ekarri duela".
Espainia euroan edo Europar Batasunean sartu izan ez balitz, "segurtasunez jakin ezin daitekeen arren", "garapen ekonomiko prozesu geldoagoa izango zukeela" uste du Maciasek.