Ekonomia -
Hegazti gripea
Hegazti gripearen agerraldia detektatu dute Akamarreko etxalde batean
Etxaldean zeuden ahate guztiak hil egin dituzte eta ingurua itxi dute, H5N1 birusa zabaltzea ekiditeko.
EITB MEDIA
Akamarreko (Nafarroa Beherea) etxalde batean zeuden ahate guztiak hil dituzte, hegazti gripearen agerraldi bat detektatu eta gero, Sudouest egunkariak astelehen honetan jakinarazi duenez.
H5N1 birusa larunbatean antzeman zuten eta osasun agintariek etxaldeko hegazti guztiak berehala hiltzeko agindua eman zuten biharamunean. Proben emaitzek erakutsi dute ahateak kutsatuta zeudela.
Pirinio Atlantikoko prefekturak ohartarazi du birusa "oso kutsakorra" dela eta Akamarreko etxaldearen inguruan 10 kilometrorainoko hesia ezarri du, Bernard Layre Nekazaritza Ganberako presidenteak azaldu duenez.
Elikagaien Zuzendaritza Nagusia denbora errealeko zaintza egiten ari da birusa zabaltzea saihesteko.