Ekonomia -
Erronka demografikoa
Euskadik seme-alaba bakoitzeko laguntzak areagotu eta gazteentzako interesik gabeko maileguak bultzatuko ditu
Diru-laguntzak jasotzeko adin tartea, kuantifikazioa eta arautzeko irizpideak aztertzen ari dira oraindik. Hala ere, 2023an martxan jartzeko asmoa dute.
Agentziak | EiTB Media
2023tik aurrera seme-alaba bakoitzeko diru-laguntzen eredua aldatu eta zenbatekoak areagotzeko asmoa dute Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek, baina noiz arte mantendu (adin tartea) eta kopuru zehatzik ez da finkatu oraindik.
Gainera, jaiotze tasaren eta emantzipazio adinaren joera negatiboari aurre egiteko, gazteentzako interesik gabeko mailegu programa bat bultzatuko dute, enpresa-sorkuntza, hezkuntza eta etxebizitza proiektuak laguntzeko.
'Erronka demografikorako 2030 euskal estrategia'ren zirriborroak aurkeztu ditu Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozial eta 2030 Agendako idazkari nagusiak Gasteizen.
Zirriborroetan lau proposamen jazo dituzte arduradunek. Besteak beste, ardurapeko seme-alaba bakoitzeko diru-laguntza eredua aldatu eta zenbatekoa areagotu nahi dute.
Zentzu horretan, 2023tik 2030era familiek jasotzen duten diru-laguntza aldatzea, bateratzea eta areagotzea planteatu dute erakundeek. Hori bai, laguntza jasotzeko adin tartea, kuantifikazioa eta arautzeko irizpideak aztertzen ari dira oraindik. Hala ere, 2023an martxan jartzeko asmoa dute.
Era berean, gazteentzako interesik gabeko eta epe luzean itzultzeko mailegu programa bat sortzea proposatu dute, enpresa-sorkuntza, hezkuntza eta etxebizitza proiektuak laguntzeko. Landa-eremuko proiektuei dagokionean, maileguaren zati bat itzuli beharrik gabeko diru-laguntza izango da.
Aurrekoaren kasuan bezalaxe, programak hartuko lukeen adin tartea, kuantifikazioa eta araudia aztertzen ari dira. Hala eta guztiz ere, aurreneko lau urteetan, programa aurrekontua agortu arte zabalik egongo litzateke.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek beharrezko baliabideak bermatu nahi dituzte, haurreskolak 0-2 adin tartean doakoak izateko, familia eta lan-bizitza bateratzeko neurri bezala.