Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Greba eguna dute gaur Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, LABek deituta
Bi hilabete baino gutxiagoko epean, hirugarren lanuzte eguna da. "Gehiegizko" lan-karga salatu du sindikatuak, egoiliarrek behar eta merezi duten kalitatezko zaintza zerbitzua jasotzea eragozten duena.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
LAB sindikatuak beste greba egun bat deitu du gaurko Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, "premiazko" irtenbide bat aurkitzea ezinbestekoa dela uste baitu; izan ere, zentro horietako langileen egoera "jasanezina" da.
Bi hilabete baino gutxiagoan hirugarren lanuzte eguna da gaurkoa; Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik erantzunik jaso ez dutela argudiatuta. "Hau ez da langileen eta patronalaren arteko lan-gatazka soil bat, Gipuzkoako gizarte osoari eragiten dion gai sozial bat baizik", berretsi dute. Gaineratu dutenez, ez dira geldituko "Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eseri arte eta negoziazio kolektiboa martxan jarri arte".
09:30ean piketea egin dute Donostian, Intxaurrondoko Txara II egoitzaren aurrean, Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuari bilera bat eskatzeko. Halaber, 11:00etan elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean.
Sindikatuaren esanetan, "gehiegizko" lan-kargek "ezinezko" egiten dute egoiliarrek "behar eta merezi duten kalitatezko zaintza zerbitzua jasotzea".
Gainera, lurraldeko hitzarmen kolektiborik ez egoteak zentro ezberdinen arteko langileen arteko "soldata arrakala handiak" eragin dituela nabarmendu du.
Ildo horretan, sindikatuak "elkartasuna" adierazi die joan den asteartean greba egun bat egin zuten Bizkaiko egoitzetako langileei, eta zehaztu du egoera hori ez dela Txara I egoitzaren arazoa, ezta Gipuzkoako edo Bizkaiko adinekoen egoitzena ere, baizik eta zaintza-lanen merkantilizazioaren, lan-prekarietatearen eta emakumeen lanaren balio-gutxitzearen egiturazko ondorioa.
Horrela, "zaintza negozio bihurtu dute", salatu du LABek, eta diru publikoarekin finantzatutako zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresa pribatuak "gure adinekoen zaintzaren kontura etekin ekonomiko ikaragarriak lortzen ari dira, emakume langileen esplotazioan sakonduz", azaldu du.