Ekonomia -
ARGINDARRAREN FAKTURA
Espainiako Gobernuak lau hilabetez luzatuko du argindarraren fakturako zergen jaitsiera
Neurriak abenduaren 31n ziren amaitzekoak, baina elektrizitatearen prezioa aurtengo maximo historikoetan egoten jarraitzen du. Gaur bertan goia jo du. Aurreko errekorra 288,53 euroan zegoen; urriaren 7an izan zen hori, eta gaur langa hori gaindituko du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Maria Jesus Montero Ogasun ministroak asteazken honetan aurreratu duenez, Espainiako Gobernuak 2022ko lehen lauhilekoan argindarraren fakturari eragiten dioten zergen jaitsiera luzatuko du.
Diputatuen Kongresuan egindako kontrol saioan, Monterok baieztatu du argindarraren igoera arintzeko hartutako neurri fiskalak mantendu egingo direla datorren urteko lehen lau hilabeteetan. Hala ere, ez du zehaztu zergak murriztuta dituzten guztiei eragingo ote dien.
Argindarraren igoera kezkagarriaren aurrean, Espainiako Gobernuak neurriak hartu zituen iaz: BEZa jaitsi zuen (% 21etik % 10era), argindar sorkuntzaren gaineko zerga bertan behera utzi zuen ( % 7koa da) eta autonomia erkidegoek jasotzen duten argindarraren gaineko zerga berezia txikiagotu egin zuen.
Urrian, aurrekontuak aurkeztu zituztenean, Monterok esan zuen neurriak luzatzeko kontuetan "lasaitasuna" zegoela, eta, beharrezkoa izanez gero, abenduaren 31n amaitzekoak ziren neurri horiek 2022ko lehen lauhilekora luzatuko zituztela.
Handizkako merkatuko argindarraren prezioak gora egiten jarraitzen du, eta asteazken honetan goia jo du. Aurreko errekorra 288,53 euroan zegoen; urriaren 7an iritsi zen maila horretara, eta gaur langa hori gaindituko du.