Ekonomia -

Osakidetza

Dagoeneko ireki dute Osakidetzako lan-eskaintza publikoan izena emateko epea

Osakidetzak 3.535 lanpostu betetzeko oposizioak egingo ditu, bi fasetan. Lehenengoan 1.611 plaza eskainiko dira; Familia Medikuntzako 322 plaza eta Pediatriako 62 plaza tartean.

2016an egindako oposaketa bat. ETBko bideo batetik hartutako irudia
2016an egindako oposaketa bat. ETBko bideo batetik hartutako irudia
2016an egindako oposaketa bat. ETBko bideo batetik hartutako irudia

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzaren 2018-2019ko lan-eskaintza publikoan (LEP) izena emateko epea astearte honetan ireki dute eta otsailaren 24ko 14:00ak arte egongo da zabalik. Guztira, 3.535 lanpostu aterako dituzte.

Osakidetzak informazio guztia kontsultatzeko atal bat prestatu du bere webgunean, kategoria bakoitzeko gai-zerrenda orokorra eta espezifikoa eta bibliografia bilduta.

Lehen talde horretan, 19 kategoriatako 1.611 plaza eskainiko dira: familiako eta pediatriako medikuak, erizainak (laneko eta buruko osasunaren arloko espezialistak barne), fisioterapeutak, emaginak, optikan eta optometrian diplomadunak, logopedak, terapeuta okupazionalak, gizarte-langileak, anatomia patologikoko teknikari espezialistak, audioprotesian eta dietetikan teknikari espezialistak, eta osasun-dokumentazioan diplomadunak.

Lehen talde honetan eskaintzen diren plazen artean, Lehen Mailako Arreta indartzera bideratutakoak daude; Familia Medikuntzako 322 lanpostu eta Pediatriako 62, besteak beste.

Lehen faseko azterketak, ziurrenik, maiatza eta uztaila bitartean egingo dira, baina laster emango dute proben lekuari, egunari eta orduari buruzko informazio gehiago.

Bigarren fasean, 2022ko udaberrian, gainerako kategoria guztien txanda izango da. 

Oposizioak, "berme guztiekin"

Abenduaren 14an deialdiaren oinarriak onartu ostean, Osasun Sailak esan zuen lan-eskaintza publikoak aukera emango duela plantillak finkatzeko eta egonkortasun handiagoa lortzeko, sare horretan ez ezik, baita osasun-sistema osoan ere.

Osakidetzaren arabera, LEParen deialdiak "profesional onenak hautatzeko eta talentua erakartzeko bermerik handienak" izango ditu, "berdintasun, meritu, gaitasun, objektibotasun, inpartzialtasun, gardentasun, bizkortasun eta fidagarritasun printzipioak betez".

Horretarako, zenbait neurri hartuko dituzte; epaimahaiak zozketa bidez aukeratzea, kideak murriztea edo jokabide kode bat onartzea, besteak beste.

Azterketei dagokienez, epaimahaietako kideek eskuliburu bat izango dutela jakinarazi zuten. Halaber, epaimahai bakoitzak erabakiko du probak egiteko erantzukizuna bere gain hartzen duen edo gai horretan esperientzia duen kanpoko instantzia bati emango dion enkargua.

Bestalde, Euskal Osasun Zerbitzuak zehaztu zuen zati praktikoa ez dela pertsona bakar baten esku egongo, eta ausazko elementu bat sartzea aurreikusi dutela, "hautaketa-prozesuan parte hartzen duen inork probaren azken edukiaren berri ez duela ziurtatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak Medikuak Erizaintza