Ekonomia -

GREBA

"Jarraipen zabala" ELAk eta LABek Bizkaiko adinekoen egoitzetan deitutako greba egunean

% 100eko gutxieneko zerbitzuak ezarrita, langileen greba eskubidea urratu dela salatu dute ELA eta LAB sindikatuek. Mobilizazio berriak egiteko asmoa agertu dute sindikatu biek.

Mari Domingi eta Olentzero Foru Jauregiaren aurrean 'prekarietatearen gutunak' banatzen. EFE
Mari Domingi eta Olentzero Foru Jauregiaren aurrean 'prekarietatearen gutunak' banatzen
Mari Domingi eta Olentzero Foru Jauregiaren aurrean 'prekarietatearen gutunak' banatzen. EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA eta LAB sindikatuek Bizkaiko adinekoen egoitzetan deitutako greba "jarraipen zabala" izaten ari da, ELA sindikatuaren arabera. Sindikatu bakoitzak bere aldetik egin du grebarako deia, beharginen lan-baldintzak hobetzeko eta lantaldeak handitzea eskatzeko. 

Grebaren jarraipen zabala nabarmendu arren, gaurko ezarri diren % 100eko gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" direla salatu dute. Guztira, 5.000 langile inguru zeuden deituta greba egitera.

LABen esanetan, % 100eko gutxieneko zerbitzuak ezarrita, langileen greba eskubidea urratu dute. "Eskubideak lapurtzen dizkigute, ikusezin bihurtzen gaituzte, ez gaituzte negoziazioan solaskide gisa onartzen, eta orain grebarako eskubidea lapurtzen digute % 100eko gutxieneko zerbitzuak inposatuz", nabarmendu du.

ELAk elkarretaratzea egin du 11:30ean Foru Jauregiaren aurrean eta ondoren 'prekarietatearen gutunak' banatu dizkie foru arduradunei.

LABek, ostera, elkarretaratzea egin du 10:30ean Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzaren aurrean.

ELAk azaroaren 30ean salatu zuenez, urte eta erdian hamar negoziazio mahai egin badituzte ere, Bizkaiko adinekoen egoitzetako lan hitzarmenaren negoziazioan ez dela aurrerapausorik egin salatu du ELAk. Sindikatuaren esanetan, patronalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak "edukirik gabeko negoziazioaren aldeko apustua egiten jarraitzen dute".

Hauek dira lan hitzarmenaren negoziazioan egiten dituzten eskariak: langileak lehen egunetik ordezkatzea, lanaldi osoko kontratuak eskaintzea eta soldatak eta lan baldintzak GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundekoekin parekatzea. ELAren arabera, patronalak ez du horiek onartzeko asmorik.

"Aldundiaren propaganda instituzionalaz haratago, kaleratzeak, zerbitzuen pribatizazioa, langilerik eza eta lanaldi partzialeko kontratuak dira, besteak beste, zerbitzuaren kalitatearen gainbehera eta lan karga jasanezinak eragin dituztenak", azpimarratu du ELAk.

LAB sindikatuak ere bat egin du greba deialdiarekin. Lan-baldintzak langile publikoekin parekatu eta ratio gizatiarragoak ezartzeko eskatu dute. Sindikatuak azpimarratu duenez, "gatazka honen azken irtenbidea adinekoen zaintza zerbitzua publiko egitea" da.

Izan ere, LABen ustez, "Aldundiak adinekoen zaintzaren pribatizazioa inposatzen du" eta hura da "Bizkaiko egoitzetan bizitzen ari denaren arduradun nagusia". Hori dela eta, mobilizatzeko eta gaurko ekintzetan parte hartzeko deia egin du. 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Eusko Langileen Alkartasuna Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak gaur Sindikatuak Espainian Lan gatazkak azken ordukoa Bizkaiko Foru Aldundia