Ekonomia -
Elkarrizketa
ELArentzat "ulertezina" da LABek greba orokorrari muzin egitea: "Presionatzen jarraitu behar dugu"
LABekin eta EH Bildurekin oso kritiko azaldu da Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusia. Azken horri buruz esan du "EAJren jarrerak bere egin" dituela.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusiaren ustez, "ulertezina" da LABek greba orokorrari muzin egin izana. "Jokoan daudenak oso kontu garrantzitsuak dira, adibidez EAEko hitzarmenak Estatukoen gainetik egotea. Une honetan greba baztertzea akats bat da. Presionatzen jarraitu behar dugu lan erreforma baliogabetu arte", azpimarratu.
Lakuntza oso estu hartu du LAB sindikatua bera eta baita EH Bildu ere. Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, eta koalizio subiranista EAEko aurrekontuetan abstenituko dela eta, sindikatu abertzalearen idazkari nagusiak esan du koalizioak "EAJren jarrerak bere egin" dituela, eta hori jeltzaleen "garaipena" izan dela erantsi du. "ELArentzat hori ez da oharkabean igaroko", ohartarazi du.
Arnaldo Otegik "hiperkritikoa" izatea egotzi zion aurrekoan ELAri, eta horri erantzunez, Lakuntzak EH Bildu jarri du jomugan: "Ezkerretik saldu ezin direnak saltzen saiatzen ari da. Bere balorazioak ez du bat egiten datu objektiboekin: kontuetan eragin duena ez da % 1era heltzen (...) Albiste txarra da, ELAri berari eta beste hainbat elkarteri bizkarra eman zaie". Horren ahotan, "herri honetan, ezkerrak beste paper bat izan behar du".
Horren ildoan, nabarmendu du sindikatuak "iritzi eta autonomia politikoa" baduela. "Askotan galdetzen digute ea zergatik ez garen hauteskundeetara aurkezten, eta ELA aurkezten da, hauteskunde sindikaletara, eta baita irabazi ere", gaineratu du.
Pandemiak Osakidetzan eta Lehen Arretan izan duen eraginaz galdetuta, ELAren idazkari nagusiarentzat "bistakoa" da "gainezka" dagoela. Egoera horri buelta emateko "Jaurlaritzak egingo duen ahalegin eza" salatu du. "Ikusten ari gara hartu duten erabakia dela eremu horietan ahalik eta gutxien inbertitzea dela", kritikatu du.
Antzeko egoera sumatzen du Lakuntzak EAEko adinekoen zentroetan (Bizkaiak lanuzteak daude deituta, eta Gipuzkoako langileak greba daude). Horren arabera, "langileak abandonatuta sentitzen dira, erakundeek ez dutela ezertxo ere egiten egoera estruktural hori hobetzeko. Gabezi handiak daude. Oso oinarrizko gauzak eskatzen dituzte, eta ez dira isilik geratuko", ohartarazi du.