Ekonomia -

SESTAO

Belgikako VGP taldeak La Navalen orubea eskuratu du eta 175 langile ohiek laster jasoko dute kitapena

La Naval ontziola zenaren lursail nagusia bereganatzeko 36 milioi euro ordaindu ditu VGP talde belgikarrak eta parke logistiko bat eraikiko du bertan. Bestalde, Sestaoko ontziolako 175 langile ohiek datozen egunetan jasoko dute kaleratzeari dagokion behin betiko kitapena.

La Naval ontziola zena, Sestaon. Artxiboko argazkia: EFE
La Naval ontziola zena, Sestaon
La Naval ontziola zena, Sestaon. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dagoeneko ofiziala da. VGP talde belgikarrak bereganatu du La Naval ontziolaren eraikinak bere baitan hartzen dituen orube nagusia, 36 milioi euroren truke. Apirilean Bilboko Lan-arloko 2 zenbakiko Epaitegiak baimena eman zion konkurtsoko administratzaileari Sestaoko ontziolaren eraikinak eta lursailak Belgikako VGP taldeari saltzeko. Belgikako enpresak atzo jakinarazi zuenez, Sestaoko ontziola zenaren orubeaz jabetu da. Behin salmenta gauzatuta, Sestaoko ontziolako 175 langileek datozen egunetan jasoko dute kaleratzeari dagokion behin betiko kitapena. 

Sestaoko 280.000 metro koadroko eremuan parke logistikoa eraikitzeko asmoa du.

La Navalen aktiboak 20 lotetan banatu zituzten, eta lote nagusia, lurzorua, pabiloiak eta erremintak barne hartzen zituena, Belgikako talde horrek bereganatu du. Lote hori eskuratzeko 11 eskaintza aurkeztu ziren.

Lote guztiak aintzat hartuta, berriz, guztira 100 eskaintza aurkeztu ziren Sestaoko La Naval zenaren zatiren bat erosteko.

VGP taldeak iragarri duenez, lehendik dauden elementu eta eraikinak mantendu eta ontziola zaharraren ezaugarri ikonikoak babestuko ditu. Haren esanetan, inplikatuta dauden administrazioekin lankidetza estuan ari da horretarako.

Ontziolak desegiteko prozesua abiatu zuenean kaleratu zituzten 175 langileak datozen egunetan hasiko dira kaleratzeari dagokion behin betiko kitapena kobratzen, eta 5 milioi euroko funtsa dago aurreikusita behargin horien artean banatzeko. VPGk La Naval erosteko baliatu duen zenbatekoaren gainerakoa beste hartzekodunen artean banatuko dute, banku, erakunde eta hornitzaileen artean, hain zuzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao argazkiak Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa La Naval albisteak