Ekonomia -

GREBA

"Jarraipen zabala" ELAk Bizkaiko autoeskoletan deitutako grebaren lehen egunean

Sektoreko profesionalak aste osoan zehar mobilizatuko dira. Aurreko aldien gisan, 11 urtez berritu gabe dagoen hitzarmena berritzeko proposamenari erantzuteko eskatuko diote patronalari, besteak beste.

Grabalarien auto karabana, gaur. EITBren bideo batetik hartutako irudia.
Grabalarien auto karabana, gaur. EITBren bideo batetik hartutako irudia.
Bizkaiko autoeskoletako langileek beste astebeteko greba hasi dute gaur

1:07

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko autoeskoletako langileek astebeteko grebari ekin diote astelehen honetan, lan-hitzarmena berritzea eskatzeko. Greba deitu duen ELA sindikatuak esan duenez, "jarraipen zabala" izaten ari da lehen egunean. Gaurtik eta hilaren 17ra arte mobilizatuko dira hitzarmena berritzeko azken proposamenari "entzungor egin diolako Patronalak".

Aste honetako lehen greba egun honetan, langileek auto-karabana egin dute Bilbon, elkarretaratzea egin dute Artxandan, eta Barakaldon jarraitu dute protesta.

Arratsaldean, elkarretaratzea egingo dute APAVIren egoitzaren aurrean 15:30ean, IKASTEK autoeskolaren aurrean bilduko dira 17:00etan, Luis Briñas kalean, eta Jesusen Bihotza Plazako GO! autoeskolaren parean egingo dute bilkura 17:45ean.

Sindikatuak azaldu duenez, ostegunean, ELAk deituta, negoziazio mahaiak egindako bileran, APAVI patronalak ez zion erantzun sindikatuak duela hilabete baino gehiago planteatutako kontraproposamenari.

Horren arabera, patronalak "oinarrizko soldatari % 14ko igoera irrigarria egitea baino ez du proposatu, hau da, aurretik eskainitakoa (% 13,6) baino % 0,4 gehiago soilik".

"Hau da, hitzarmeneko soldata-taulak 2010etik metatutako KPIaren arabera eguneratze hutsa planteatzen jarraitzen du, baina modu irregularrean kobratzen diren soldatak erregularizatu gabe, ezta prekarizatuenak eta feminizatuenak diren kolektiboen soldata-prekarietatea gainditzeko neurririk hartu gabe", azaldu du.

Langileek soldata-taulak erregularizatzea eta azken 11 urteetan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, irakasleak ez diren kolektiboentzako lanaldia murriztea eta ordutegiak arrazionalizatzea eskatzen dute, besteak beste.

Soldatak, ordutegiak eta gainerako lan-baldintzak "oso prekarioak dira, eta, askotan, irregularrak", langileen ordezkariek salatu dutenez.

Sindikatuko ordezkarien hitzetan, lan-hitzarmenaren araberako soldata ofizialaz gain, "modu irregularrean" beste diru-kopuru bat ematen diete autoeskola ia guztietako irakasleei. Gainera, irakasle ez diren administrazioko langileek, emakumeek batez ere, hileko 1.000 euro baino gutxiagoko soldata gordina dute.

Bestalde, genero-arrakala murrizteko neurriak eskatu dituzte, administrazioko langileek 35 orduko lan-astea izan dezaten, irakasleek bezala. 

Gaur-gaurkoz, 350 eta 400 langile artean daude lanean Bizkaiko 80 autoeskoletan, 120 lan zentroetan.

Ekainaz geroztik, langileek 19 greba egun egin dituzte soldatak igotzea, lanaldia murriztea (administrarientzat) eta 35 orduko lan-astea (irakasleentzat) ezartzea eskatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? ELA albisteak Grebak albisteak Lana albisteak Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Euskal sindikatuak Lan gatazkak albisteak gaur