Ekonomia -
EAEko aurrekontuak
Elkarrekin Podemos-IUk, PP+Cs-ek eta Voxek osoko zuzenketa aurkeztu die Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei
Elkarrekin Podemos-IUk deitoratu egin du zerbitzu publikoak "indartzeko" galdutako "aukera"; PP+Csen ustez, aurrekontu "irreala" da, aurreikuspen ekonomiko "zaharkituetan" oinarritua, eta Voxentzat "EAJren amets nazionalaren eraikuntza jarraitzeko" aurrekontuak dira.
O.P. | Eitb Media
Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk 2022rako aurrekontuen inguruko negoziaziotan jarraituko dute, akordioak erdiesteko; oposizioko beste hiru taldeek, aldiz, osoko zuzenketak aurkeztu dituzte gaur Legebiltzarrean.
Eguerdian amaitzen zen zuzenketak aurkezteko epea eta ordu gutxi batzuk lehenago, Maddalen Iriarte EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak iragarri du ez ziotela Jaurlaritzari proiektua itzultzea eskatuko, "elkarrizketarako borondate zintzoaren seinale". Iñigo Urkullu lehendakariak eskertu egin du erabakia.
Oposizioko gainerako taldeek, Elkarrekin Podemos-IU, PP+Cs eta Vox alderdiek, osoko zuzenketak aurkeztu dituzte, baina ez dute aurrera egingo.
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak deitoratu egin du Eusko Jaurlaritzak zerbitzu publikoak "indartzeko" zuen "aukera" alferrik galdu izana, batez ere hezkuntza eta osasun arloan, eta, aurrera aterko diren hauek "murrizketa sozialerako" aurrekontuak direla esan du, Diru-sarrera Bermatzeko Errenta ia 30 milioi eurotan, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak 5 milioi eurotan eta covid funtsa ia erdira murriztu direlako, besteak beste.
Gorrotxategik azaldu duenez, bere taldeak Gobernuari aurrekontuak itzultzea eskatzen badio, hori da "kontinuistak, nahikoak eta eraginkorrak ez direlako", egungo "erronka historikoari" eta covid-ak eragindako krisiari aurre egiteko.
PP+Cek salatu du azken ekitaldietan metatutako soberakinetako 1.000 milioi euro dituela Eusko Jaurlaritzak, "ertez urte gastu arruntaren kopuruak gora egin eta inbertsioak gauzatu gabe geratzen diren bitartean".
Eusko Jaurlaritzak Euskadin zerga-presioa murriztuko duen zerga-erreforma bat baztertu izana kritikatu du, eta aurrekontu "irreala" dela uste du, aurreikuspen ekonomiko "zaharkituetan" oinarritzen baita. Asmoa ona izanik ere "errealitatetik urrun" geratzen dela diote.
Voxek ere osoko zuzenketa aurkeztu du "EAJren amets nazionalaren eraikuntzan aurrera egiten jarraitzeko diseinatutako kontuak direlako, eta ezberdintasunak handitzen dituztelako, eskualde hau kide den nazioarekiko profila eta distantzia markatzeko".
Osoko hiru zuzenketez gain, oposizioko taldeek hainbat zuzenketa partzial aurkeztu dituzte; Legebiltzarreko osoko bilkurak atzera bota ondoren eztabaidatuko dituzte horiek.
Zehazki, PP+Cek 1.469 zuzenketa partzial aurkeztu dituzte, EH Bilduk 32, 118 milioi euroko balioarekin, eta Elkarrekin Podemos-IUk 197.
Voxek ez du zuzenketa partzialik aurkeztu, eta gobernua sostengatzen duten taldeek, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemos-IUrekin batera zuzenketa bat egiteaz gain, izaera tekniko nabarmena duten 5 zuzenketa aurkeztu dituzte.