Ekonomia -
Lan gatazkak
Patronalarekin aurreakordioa lortuta, bertan behera geratu da Cadizko metalgintzako langileen greba
Cadizko metalaren hitzarmenaren zirriborroak urteroko % 2ko soldata-igoera jasotzen du, eta 2024an berrikusiko da. Sindikatuen ustez, aurreakordioa "inflexio-puntua" da, baina berretsi egin behar dute oraindik.
Agentziak | EITB Media
Sindikatuek eta Cadizko Metaleko Enpresarien Federazioak (FEMCA) aurreakordioa adostu dute Cadizko metalaren hitzarmenaren inguruan. Aurreakordioa langileen asanbladan berretsi behar badute ere, bederatzi egun iraun duen greba bertan behera uzteko. Azaroaren 16an abiatu zituzten metalgintzako langileek protestak.
CCOO sindikatuaren arabera, aurreakordioak langileen "erosteko ahalmenari eustea" ahalbidetuko du. Patronalak % 1,5eko soldata-igoera proposatu arren, hitzarmenak urtero % 2ko igoera jasotzen du, eta 2024an berrikusiko dute, sindikatuak azaldu bezala.
Batzorde bat ere osatuko dute, hitzarmena behar den moduan aplikatzen den ala ez ziurtatuko duena, "plantillako langile guztiei bermeak" emateko. Hitzarmen berriak bi urteko ultraaktibitatea ere aurreikusten du, hitzarmena iraungi ostean. Beraz, hitzarmen berria sinatu bitartean aurrekoa aplikatzen jarraitzen da bi urtez.
CCOOko Industria Federazioko idazkari nagusi Jose Hurtadoren hitzetan, sindikatuek eta patronalak hitzartutakoa "inflexio-puntua" da, eta "negoziazioari eta mobilizazio nekaezinari esker" lortu da "patronalaren asmoetara" baino gehiago "langileen eskarietara" hurbiltzen den hitzarmena.
Atzoko eguna bi aldeen arteko hitzarmena adostuta amaitu zen. Goizean, baina, Tubacex enpresako langileen ordezkaritza bat iritsi zen Cadizera, greban zeuden langileei euren babesa eta laguntza emateko. Horrez gain, Tubacexeko langileen artean bildutako 3.800 euro eman zizkieten, Cadizko langileen erresistentzia-kutxa indartzeko.