Ekonomia -

Lan gatazkak

Tubacexeko langileen ordezkaritza bat Cadizera joan da, metalgintzako grebari babesa agertzeko

Gainera, langileen artean bildu dituzten 3.800 euro ere emango dizkiete, protestak babesteko eta beharra izan dezaketen grebalariei laguntzeko erresistentzia kutxarako.

Manifestariak eta Polizia, aurrez aurre, Cadizen. EFE
Manifestariak eta Polizia, aurrez aurre, Cadizen.
Tubacexeko 6 lankide Cadizen dira grebari babesa emateko

1:15

O. P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tubacexeko langileen ordezkaritza bat Cadizera joan da, han metalgintzako milaka langile azken egunotan egiten ari diren grebari eta grebalariei babesa adierazteko. 

Ordezkaritzak, baina, badu beste eginkizun bat ere: Tubacexeko 200 langileren ekarpenari esker bildu dituzten 3.800 euroak Cadizko langileei ematea, grebari eta sor daitezkeen beharrei erantzuteko erresistentzia kutxarako

Ordezkaritza atzo gaualdera abiatu zen Andaluziarantz, baina Valladolid parean zeudela matxura izan zuten autoan, eta Amurriora itzuli behar izan zuten. Hala ere, beste auto bat hartu, eta Cadizeraino joan dira. 

Elkartasuna

Tubacexeko langileek ederki dakite zer den greban egotea eta horrek grebalarientzat eta horien familientzat zein ondorio dakartzan. Ez alferrik, 236 egunez luzatu zen euren greba, eta horrek Aiaraldea osoko ekonomian nahiz gizartean eragin handia izan zuen; hala ere, bailarako bizilagunen babes handia izan zuten langileek. 

Otsailaren erdialdera ekin zioten Tubacexeko langileek greba mugagabeari, enpresak 129 langile kaleratzea ekarriko zuen enplegu erregulazioko espedientea iragarri ostean; espediente hori atzera bota zuen gero Justiziak. 

Hainbat hilabetetako borrokaren ostean, urriaren 4an iritsi zen langile batzordearen eta zuzendaritzaren arteko akordioa. 129 kaleratzeak indarrik gabe geratu ziren eta kaleratze behartu guztiak ezabatzea lortu zuten, beste neurri eta konpromiso batzuen artean. 

Cadizen, metalaren sektoreko langileek bederatzigarren greba eguna dute gaur, baina sindikatuek eta patronalak ez dute oraindik adostasunik lortu. 

Azaroaren 16tik, 20.000 lagun daude grebara deituta, sindikatuen eta patronalaren artean hitzarmen kolektiboaren negoziazioan dagoen blokeoa dela eta. Langileen ordezkariek soldatak eguneratzea aldarrikatzen dute, eta enpresariek, pandemiaren osteko krisia argudio gisa jarrita, ezin dituztela igo diote. 11:00etan hasi du bilera negoziazio mahaiak, jarrerak hurbiltzeko beste saiakera batean. 

Bien bitartean, Poliziaren eta pikete eta manifestarien arteko aurrez aurrekoak gogorrak izaten ari dira probintzia osoan azken egunotan; hainbat manifestari eta polizia zauritu dira horietan. 

Tentsio horren aurrean, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan ministroak Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari deitu zion atzo, Polizia grebalarien aurrean erabiltzen ari den tanketa edo ibilgailu blindatua erretira zezan eskatzeko. 

Diazek berak eman du elkarrizketa horren berri, eta, horren esanetan, "manifestariak ez dira gaizkileak, euren eskubideak zilegitasun osoz defendatzen ari diren langileak baizik". "Oinarrizko eskubideez ari gara", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tubacex Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak Industria Metalgintza Yolanda Diaz gaur