Ekonomia -
Bizkaia
Leioako errepidea estaltzeko lanak 2023an hastea eta 2026an bukatzea espero dute
Obrak 2023ko lehen hiruhilekoan hastea eta 36 hilabetez luzatzea aurreikusi dute. Bizkaiko Foru Aldundiak 62,5 milioi euro gastatuko ditu.
Agentziak | EiTB Media
Leioan, BI-637 errepidea estaltzeko lanetan, 62,5 milioi euro inbertituko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak; izan ere, hirigunea bitan zatituta dago egun.
Foru Gobernuak (EAJ-PSE) behin-behineko proiektua onartu berri du. Lanak 2023ko lehen hiruhilekoan hastea eta 36 hilabetez luzatzea espero dute. Beraz, obra 2026an bukatzea aurreikusi dute, Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapen diputatuak azaldu duenez.
Pradalesek nabarmendu duenez, lanekin "Leioako bizilagunen eskakizun historiko bati" erantzuna eman nahi diote; izan ere, orain lubaki batek hirigunea bitan zatitzen du. Era berean, oinezkoentzako esparru berri bat sortu eta trafikoaren zarata kenduko dute.
Bide batez, errepideko tunela hobetu eta modernizatuko dute. Leioako erdialdean, pasealekuaren luzera bikoiztea ahalbidetuko du obrak, 824 metrora arte, baita 2.900 herritarri eragiten dien kutsadura akustikoarekin amaitzea ere.
Proiektuaren "konplexutasun tekniko handia", azpimarratu du Pradalesek; izan ere, errepidea batez beste 114.000 ibilgailuk erabiltzen dute egunean, eta bi errei zabalik mantendu nahi dituzte lanetan.
Proiektuaren tamaina islatzen duten beste datu batzuek, esaterako, erabiliko dituzten 700.000 kilo altzairu laminatu eta tunelean egingo dituzten 12 ebakuazio galeriak.
Zarata
Leioako 32.000 bizilagunetatik, 2.900 inguruk etxea errepidearen alboan dute, eta gauetan 55 dezibelioko zarata jasaten dute. Errepidea estalita, herritar horien % 82k zarata izateari utziko diote.
Estalkiaren gainean 432 metro bulebar berri prestatuko dituzte, hau da, pasealekuaren luzera bikoiztuko da, 824 metrora arte. Horrela, oinezkoek 4.132 metro karratu izango dituzte Leioako erdialdean.
Estali behar den zonaldearen aldamenean dagoen tunela hobetzeko eta modernizatzeko (argiztapena, aireztapena eta segurtasuna) lanak ere aurrera eramango dituzte. Pradalesek esan duenez, 80ko hamarkadako tunel bat da, eta hobekuntzak behar ditu.