Ekonomia -
Gainbalioaren Legea
Euskadik udal-gainbalioaren behin-behineko sistema bat ezarriko du, kalkulua egiteko bi aukerarekin
Lehenengoak, benetako gainbalioak, etxebizitzaren erosketa-prezioaren eta salmentaren arteko aldea hartzen du kontuan. Bigarrena, katastroko balioan oinarritzen da.
N. B. | Eitb Media
Gainbalioaren zerga asteazken honetatik aurrera kobratuko da berriro Euskadin, EAEko foru- eta udal-administrazioek behin-behineko eta premiazko proposamen bat aurkeztu baitute Hiri Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zergaren Legea kalkulatzeko.
Ministroen Kontseiluak berriki onartu du udal-gainbalioaren zergaren diseinu berria, Konstituzio Auzitegiak legez kanpokotzat jotako alderdiak erreformatzeko.
Orain, hiru aldundiek sistema aldatzea erabaki dute, eta behin-behinean Espainiako Gobernuak onartu berri duen sistemaren antzeko bat ezartzea, kalkulurako bi aukera biltzen dituena. Lehenengoak, benetako gainbalioak, etxebizitzaren erosketa-prezioaren eta salmentaren arteko aldea hartzen du kontuan. Bigarrena, katastroko balioan oinarritzen da.
Helburua zergari berme juridikoa ematea da eta Euskadiko 251 udalerrietan sistema berdina ezartzea. Gainera, aldundiek esan dute lehenbailehen jarri nahi dutela martxan, eta, adibidez, Arabak bihar bertan onartuko du dekretu bidez.
Gainbalioen zerga horrek 62 milioi euro uzten ditu urtean Euskal Autonomia Erkidegoko udaletan.