Ekonomia -
eae
Aerotaxiak eta errepide konektatuak, mugikortasun "iraunkor eta seguru" berriaren parte
Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak garapen-prozesuan dauden proiektu berriak aurkeztu ditu, garraio "iraunkorrago, seguruago, garbiago eta eraginkorrago" baterako bidean.
agentziak | eitb media
Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak garapen-prozesuan dauden proiektu berriak aurkeztu ditu (besteak beste, aerotaxiak eta konektatutako errepideak), garraio "iraunkorrago, seguruago, garbiago eta eraginkorrago" baterako bidean.
Luis Pedro Marco de la Peña Azpiegitura eta Garraio saiburuak, Blanca de la Peña Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Arabako diputatuak, Raimundo Ruiz de Escudero Gasteizko Mugikortasun zinegotziak eta Eduardo Lasa klusterreko zuzendariordeak eman diote hasiera Euskadiko XII ITS Biltzarrari, Miñaoko Parke Teknologikoan, eta bertan aurkeztu dituzte aipatutako proiektuak.
Guztiek nabarmendu dute sektorea une "disruptibo" bat igarotzen ari dela, mugikortasun berri baterako bidean, "iraunkorra, segurua, garbia eta eraginkorra" izango dena. Halaber, garraioaren erabilera berriei, energia-iturriei eta konektagarritasun-zerbitzuei buruz hitz egin dute.
Gainera, hiru erakundeek konpromisoa hartu dute lankidetza publiko-pribatuarekiko, lurraldeak mugikortasun berri horretarantz izango duen bilakaerari laguntzeko eta enpresei berrikuntza horiek ezar ditzaten errazteko. Hain zuzen, 12 proposamen berritzaile aurkeztu dituzte esparru horretan.
Horien artean, Bizkaiko Aldundiak eta Tecnaliak "Bizkaia Connected Corridor" proiektua erakutsi dute, AP-8 autobidean 57 kilometroko probetarako laborategi bat ipintzeko, ikerkuntza aplikatuari eta garapen teknologikoari laguntzeko. Teknologia hori azpiegituraren kudeaketan integratuko dute, eta eta eguneroko informazio-zerbitzu praktikoa emango die, denbora errealean, horretarako egokitutako ibilgailuak dituzten gidariei.
Ibilgailuei dagokienez, Irizar e-Mobility-k hainbat ekimen aurkeztu ditu, adibidez garraioak kudeatzeko eta hodeian egongo den sistema bat.
Banakako mugikortasunari dagokionez, bi proposamen egin dituzte. Alde batetik, Zenialabsek "e-Trikes" (triziklo elektriko) berriak aurkeztu ditu, erabiltzaile pribatuari zuzendutakoak, baita mugikortasunaren inguruko negozio-eredu berriei ere.
Tecnaliak eta Umilesek, bestalde, aerotaxia ekarri dute hitzordura. Bidaiarien garraioaren etorkizunarekin bat egitea du helburu proposamenak. Aerotaxiak pertsona bat garraiatzeko ahalmena dauka, 15 minutuko hegaldietan, 15 kilometroko irismenarekin. Prototipoa kabina aerodinamiko batek osatzen du, mugiarazten duten lau dronerekin batera.