Ekonomia -
KONTSUMORAKO PREZIOEN INDIZEA
Urte arteko inflazioak gora egin du urrian, % 5era EAEn eta % 5,6ra Nafarroan
Argindarraren eta erregaien garestitzeak eragin dute, batez ere, prezioen gorakada. Irailetik urrira prezioak % 1,7 garestitu dira EAEn, eta % 1,8, ostera, Nafarroan.
AGENTZIAK | EITB Media
Urte arteko inflazioa % 5eraino hazi da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta % 5,6raino Nafarroan, urrian. Argindarraren eta erregaien garestitzeak eragin dute, batez ere, prezioen gorakada.
Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) ostiral honetan argitaratutako datuen arabera, prezioek % 1,7 egin dute gora EAEn azken hilabetean, irailetik urrira. Nafarroan, ostera, % 1,8koa izan da igoera.
Urtea hasi zenetik, lehen hamar hilabeteetan, prezioak % 4,9 garestitu dira EAEn eta % 4,7 Nafarroan.
Araban urte arteko inflazioak % 5,3 egin du gora, % 5 Gipuzkoan eta % 4,9 Bizkaian, urrian.
Azken hilabetean, inflazioa % 2 hazi da Araban, % 1,8 Bizkaian eta % 1,6 Gipuzkoan.
Urtea hasi zenetik Araba eta Gipuzkoa dira igoera handiena izan duten lurraldeak (% 5,2), Bizkaiaren (% 4,7) aurretik.
Espainiako Estatuan, ostera, urte arteko tasa % 5,4raino hazi da, irailean baino ia puntu eta erdi gehiago. Urriko urte arteko inflazioa 1992ko irailetik inoiz izandako handiena da. Azken hilabetean, berriz, % 1,8 igo da. Urtea hasi zenetik, ostera, prezioak % 3,1 igo dira.