Ekonomia -

Lan eskaintza publikoa

Osakidetzak 3.535 lanpostuko eskaintza publikoa egingo du, lehen fasea abenduan

Lehen deialdian, 19 kategoriako 1.499 plaza eskainiko dira, eta gainerakoak 2022ko udaberrian. Ezohiko Sektore Mahaiak lan eskaintzaren oinarri orokorrak onartu ditu, baina "ez du sindikatuen babesik izan".

Artxiboko irudia: EiTB Media.
Artxiboko irudia: EiTB Media.
Artxiboko irudia: EiTB Media.

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak 2018-2019ko EPErako deialdia iragarri du, 3.535 plazarako, eta bi fasetan egingo da, lehenengoa abenduan eta bigarrena 2022ko udaberrian.

Lehen deialdian, 19 kategoriako 1.499 plaza eskainiko dira guztira, Lehen Mailako Arreta sendotzera bideratutakoak barne, hala nola Familiako Medikuntzako 322 plazak eta Pediatriako 62 plazak.  Bigarren fasean, berriz, gainerako lanpostu guztiak eskainiko dira.

Lehen faseko oinarriak abenduaren erdialdean argitaratuko dira EHAAn. Bertan, lanbide-kategoria bakoitzaren alderdirik zehatzenei buruzko informazioa, kategoria bakoitzeko ikasgaien zerrenda eta interes espezifikoko beste informazio batzuk aurkitu ahal izango dituzte izangaiek.  Plaza horietako bat lortzeko azterketak 2022ko apiriletik maiatzera bitarte egingo dira.

Osakidetzako zuzendari nagusi Rosa Perezek 2018-2019ko EPEa bi fasetan banatzeko erabakiaren arrazoia azaldu du gaur. "Mahai Sektorialaren esparruan urtebete negoziatzen eman ondoren, sindikatuek ez dituzte deialdiaren oinarriak babestu; hortaz, urtea amaitu baino deialdirik egiten ez badugu, lanpostu horiek betirako galduko lirateke, eta Osakidetzak ez du inola ere onartuko hori", adierazi du.

Osakidetzak ziurtatu duenez, 2018/2019ko EPErako deialdiak "bermerik handienak izango ditu, profesionalik onenak hautatu eta talentua erakarri ahal izan dadin, betiere berdintasunari, merezimenduari, gaitasunari, objektibotasunari, inpartzialtasunari, gardentasunari, arintasunari eta fidagarritasunari lotutako printzipioak betez".

"Azterketak lantzeko zereginari dagokionez, adierazi beharra dago epaimahaietako kideek eskuliburu bat izango dutela, epaimahai bakoitzak probak egiteko erantzukizuna bere gain hartuko duen ala zeregin hori arloan esperientzia duen kanpoko instantzia bati aginduko dion erabaki ahal izango duela, zati praktikoa egitea pertsona bakar baten ardura izango ez dela eta ausazko elementu bat sartzea aurreikusita dagoela, hautaketa-prozesuan parte hartzen duen inork probaren azken edukiaren berri izan ez dezan", Osasun Sailak ohar batean azaldu duenez.

"Zentzugabekeria"

CCOOren hitzetan, neurria "zentzugabekeria da, atzerapausoa gardentasunaren bidean". "3.233 lanpostuko lan eskaintza publikoak ez ditu arrekoaren zalantzak bazterrean utziko", ohartarazi du sindikatuak ohar batean.

"Orain arte Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak" azterketak lantzeko ardura izango zuela ematen zuen, baina ez du egingo "ezintasun teknikoarengatik", Osakidetzaren arabera, CCOOko gogorarazi duenez.

Ezohiko Sektore Mahaiak lan eskaintzaren oinarri orokorrak onartu ditu, baina "ez du sindikatuen babesik izan".

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak azterketak lantzea "behin baino gehiagotan" eskatu du CCOOk Sektore Mahaian, "Osakidetzako langilerik ez izateko, balizko filtrazioen susmoa saihesteko". "Hala ere, Osasun Sailak kontrakoa onartu du, erabakia berriro epaimahaien esku utziz", kritikatu du sindikatuak.

"Lan eskaintza gardenagoa egin beharrean, erantzukizuna epaimahaien esku uzten da, azterketak eurak egiteko ardura har dezakete, beraz", salatu du.

CCOOren ahotan, "16-17 deialdiaren balizko filtrazioen ikerketarekin gauza bat ala bestea gertatu, Osasun Sailak eta Osakidetzak iraganeko hanka-sartzeak zuzentzeko asmorik ez dutela agerian utzi du erabaki honek".

"Osakidetza bakarrik geratu da beste lan eskaintza bat abiatzeko bezperan"

Azterketak lantzeko ardura epaimahaien erabakiaren menpe jartzea aukera berdintasuna, gardentasuna eta inpartzialtasuna bermatzen ez duen sistema baten aldeko apustua egitea dela ziurtatu du ELA sindikatuak.

LAB sindikatuak Osakidetzari ohartarazi dionez, "azterketak lantzeko eta zuzentzeko botere guztia" epaimahaiei emateko planteamenduak "ez du balio", eta "ausartegia da egoera zein den ikusita".

LABen esanetan, "Osakidetza bakarrik geratu da beste lan eskaintza bat abiatzeko bezperan, dozenaka milaka profesionalek etorkizuna jokoan dutenean". "Ez du babesik, eta prozesuan ez dago batere konfiantzarik", zehaztu du sindikatu abertzaleak ohar batean.

Era berean, UGTko ordezkariek ez dute Osakidetzako lan eskaintza sinatu, Eusko Jaurlaritzak "betiko ebaluazio irizpidea ezarri duelako, irregulartasun eta filtrazio berriei ateak irekita utziz".

Ana Vazquez UGT-Euskadiko Osasun ordezkariak ohar batean ohartarazi duenez, sindikatuak "gardentasuna beti eskatu du eta, horretarako, 2018an deialdietan aldaketa bat proposatu zuen, epaimahaiak azterketak lantzeko erantzukizunetik libratuz, eta beste administrazio publiko batzuetako adituak proposatuz, oposiziogileei bermerik handienak emateko".

"Zoritxarrez, Osakidetzak ez du bestelako neurririk martxan jarri, epaimahaietako kideak berriz susmopean ez jartzeko, aurreko lan eskaintza publikoan gertatu bezala", kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Lan Eskaintzak Medikuak Sindikatuak Erizaintza CCOO