Ekonomia -

Enplegua

Aldi baterako lan-erregulazioak ordezkatzeko tresna berri bat proposatu du Espainiako Gobernuak

Mekanismo berri horren bidez, enpresek langileen lanaldiak edo kontratuak aldi batean eteteko aukera izango dute, baldintza zehatz batzuk betetzen badira. Patronala eta sindikatuak kontra agertu dira.

Yolanda Diaz Lan ministroa Kongresuan. Argazkia: EFE
Yolanda Diaz Lan ministroa Kongresuan. Argazkia: EFE
Yolanda Diaz Lan ministroa Kongresuan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak aldi baterako lan-erregulazioak ordezkatzeko tresna berri bat sortzea proposatu du: enplegua malgutzeko eta egonkortzeko mekanismoa deitu diote.

Tresna horrekin, enpresek langileen lanaldiak edo kontratuak aldi baterako eteteko aukera izango lukete, betiere baldintza bereziak eskainiz eta egoera jakin batzuetan.

Espainiako patronalak (CEOE eta Cepyme) eta UGT eta CCOO sindikatuek dagoeneko aurreratu dute ez daudela ados planteamenduarekin.

Pedro Sanchezen Gobernuak landutako proposamenaren arabera, diru-funts bat sortuko lukete -pentsioen erreserbaren antzekoa- aldi baterako lan-espediente berri horiek ordaindu ahal izateko.

Aurrekontu horren kudeaketa Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) egingo luke eta diru-iturriak hauek izango lirateke: kotizazioan izandako superabitak, Estatuko Aurrekontu Orokorra eta Europar Batasunetik iritsitako laguntzak.

Mekanismo berri hori ondoko bi kasuetan aplikatuko litzateke: egiturazko arrazoiengatik, hau da, sektore jakin batean antolakuntzan, arlo teknikoan edo produkzioan egiturazko aldaketak ematen direnean edo lan egiteko eta ekoizpenerako modu berriak ezartzen direnean lantaldea mantentzeak galerak eragiten dituenean.

Eta bestetik, arrazoi ziklikoengatik, hau da, koiunturak eragindako arrazoi ekonomikoengatik egoera egonkortzeko neurri osagarriak hartzea gomendagarria denean.     

Aldi baterako lan-erregulazio berri horien iraupena gehienez 12 hilabetekoa izango da, enpresaren eta langile-batzordearen artean adostutako bada, eta sei hilabetekoa, akordiorik ez badago.

Egiturazko arrazoiengatik ezarritako mekanismoak luzatzeko aukera egongo da: sei hilabeteko bi luzapen ezarri ahalko dira, gehienez.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Lana Espainiako Gobernua Enplegu-erregulazioko espedienteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak