Ekonomia -
Frantzia
Zentral nuklear berriak eraikiko dituela iragarri du Frantziako Gobernuak
Emmanuel Macronek adierazi du zentral nuklear gehiago eraikita herrialde horren "independentzia energetikoa" bermatuko dutela, "larrialdi klimatikoa bultzatu gabe".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragarri du zentral nuklear gehiago eraikiko dituztela, herrialde horren independentzia energetikoa bermatzeko, "larrialdi klimatikoa bultzatu gabe".
Pandemiaren bilakaeraz eta susperraldi ekonomikoaz hitz egiteko agerraldia egin du Macronek, eta zentral nuklear berriak eraikiko dituztela jakinarazteko baliatu du.
Frantziako presidentearen esanetan, bide horretatik Frantziak independentzia energetikoa eta CO2 emisioen neutraltasuna lortuko ditu 2050rako.
Macronek ez du xehetasunik eman, baina uztailean esan zuen tamaina txikiko zentral nuklearrak eraikitzearen aldekoa dela, lanak azkarrago amaitzeko eta kostua merkatzeko.
Frantziako argindarraren % 70 zentral nuklearretan ekoizten da. Egun, 45 erreaktore atomiko dituzte martxan.
2007tik belaunaldi berriko erreaktore berri bat eraikitzen ari da enpresa talde bat Normandian, baina hainbat arazo tekniko izan dira, lanak atzeratuta doaz eta gainkostuak izan dira.