Ekonomia -
Suspertze ekonomikoa
Urkullu: "Trena behingoz martxan jarri ahal izatea da garrantzitsuena"
Eusko Jaurlaritzak "zuhurtziaz" eusten dio 2021ean Barne Produktu Gordina % 6,7 igotzeko aurreikuspenari. Horrez gain, espero du langabezia tasa % 10,3an kokatuko dela aurten eta % 10etik jaitsi datorren urtean.
Agentziak | Eitb Media
Iñigo Urkullu lehendakariak Abiadura Handiko Trena behingoz martxan jartzearen alde egin du, "Bilboko eta Gasteizko sarrerak eraikitzen diren bitartean martxan jar badaiteke, horren alde egiten dut, trena martxan jartzea da garrantzitsuena".
Lehendakariak azpimarratu du beharrezkoa dela Euskal Y-aren trazaduran aurrera egitea, eta aurrerapen horiek Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari egindako kudeaketa-mandatu bidez egin behar direla, "hori baita adostuta dagoena", eta "har daitezkeen neurri guztiak" hartu behar direla "Bilboko eta Gasteizko geltokiak lurpetik eraikitzeko hartuta dauden erabakiak betetzeko". Azpimarratu duenez, "bitartean trena martxan jar badaiteke, ni martxan jartzearen alde nago".
Eraikitzen ari diren Burgos-Gasteiz linearekin konektatu ahal izateko, eta, modu horretan, Madrilekin konektatu ahal izateko, trazaduran aurrera egitearen garrantzia azpimarratu du, bai eta Europarekin eta Atlantikoko Korridorearekin lotzearen garrantzia ere. "Zentzu horretan, Akitania Berriaren eta Euskadiren euroeskualde mailan etengabe adierazten dugun erronka dugu, eraikitzea Frantziako Estatuari dagokion Dax-Hendaia eta Hendaia-Donostia loturari dagokien trazadurarako", gaineratu du.
Hala mintzatu da gaur Nueva Economia Foroan egin duen hitzartzean; bertan, gainera, adierazi du "zuhurtziazko itxaropen unean" dagoela euskal gizartea eta Exekutiboak dituen aurreikuspen ekonomikoak zehaztu ditu.
Eusko Jaurlaritzak "zuhurtziaz" eusten dio 2021ean Barne Produktu Gordina % 6,7 igotzeko aurreikuspenari, urteko hirugarren hiruhilekoan iaztik % 3,8 igo dela ikusita. Gainera, adierazi duenez, Jaurlaritzak espero du langabezia tasa % 10,3an kokatuko dela aurten eta 2022an % 9,5era "jaitsi daitekeela".
"Momentuz, % 6,7ko igoera aurreikuspenari eusten diogu, baina badira zuhurtziaz jokatzera behartzen gaituzten ziurgabetasunak ere, energiaren prezioa, lehengai industrialen falta edo inflazioaren igoera, esaterako", esan du.
Lehendakariak gaineratu duenez, hala eta guztiz ere, "ekonomiaren sentimendu adierazleak hobera egin du urrian". Zehaztu du, "zuhurtziazko itxaropen" testuinguru honetan, 2022rako aurreikuspena dela "euskal ekonomiak hazkunde positiboa izatea eta Barne Produktu Gordina % 6,4 igotzea".
Lan merkatuari dagokionez, baieztatu du BPGaren "igoera indartsuak" berekin ekarri duela "pandemiaren lehen hilabeteetan galdutako lanpostuen zati bat berreskuratzea". Horregatik, aurreratu du, aurreikuspenek diotenaren arabera, datorren urtean 10.800 lanpostu sortu ahalko liratekeela eta posible dela langabezia tasa % 10etik behera kokatzea, Gobernu Programaren "funtsezko helburuetako bat betez".
Iñigo Urkulluk 2021eko hirugarren hiruhilekoari dagokion ekonomiaren garapenaren inguruko datua azpimarratu du, eta esan du EAEn % 3,8koa izan dela, Euroguneko % 3,7aren eta espainiar Estatuko batezbesteko % 2,7aren gainetik, beraz. AEBn iaztik hona % 4,9 hazi dela ere esan du.
Pandemiak euskal gizartean eragin dituen ondorio sozial eta ekonomikoen inguruan hitz egin du lehendakariak eta, esan du gobernua kontziente dela herritarrek aurre egin beharreko "errealitate berriaz". Horren aurrean, ziurtatu duenez, bere lehentasuna "Euskadiren bultzada sozial eta ekonomikoa da, bai eta kohesio soziala ere".
Helburu horiek lortzeko eskura dituzten "tresnak" xehetu ditu lehendakariak, hala nola, Berpiztu Plana edo europar funtsak erakartzeko Euskadi Next plana eta tresna horiek aplikatzeko markoa ere zehaztuta dagoela esan du: "Agenda 30 eta Garapen Iraunkorrerako Helburuak", hori guztia "iraunkortasuna" izanik ardatz.