Ekonomia -
EAE-ko Aurrekontuak
Emakumeak Ertzaintzan sartzea bultzatuko duen plana egingo du Segurtasun Sailak
Josu Erkoreka sailburuak bere departamentuaren 2022rako aurrekontuaren ildo nagusiak aurkeztu ditu. Partida handienak Arkautiko akademiara eta langile gastura bideratuko dituzte.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak "Emakumeak Ertzaintzan sartzeko I. Sustapen Plana" garatuko du 2022an egingo du, Polizia Autonomikoaren baitan emakumeen (agenteen ia % 15, 1.046) eta gizonen (langileriaren % 85, 5.995) artean dagoen "desoreka argi eta nabarmena" zuzentzeko. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak azaldu duenez, egitasmoaren helburua da berdintasuna sustatzea agenteak hautatzeko prozedura hasten denetik.
Erkorekak bere departamentuaren 2022rako aurrekontuaren ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta aurrekontuen Batzordean. Segurtasun Sailak 725,1 miloi euro izango ditu, iaz baino % 4,8 gehiago. Partida handienak Arkautiko akademiara (24,9 milioi), langile gastura (% ia 3 haziko da, 14,8 milioi euro gehiago) eta Ertzaintzaren helikoptero bat erostera (10 milioi) bideratuko dituzte.
Ertzaintzaren baitan parekidetasuna bultzatu asmo duen planaren harira, Erkorekak argitu du Emakunderekin elkarlanean arituko direla. Azaldu duenez, hautaketa prozesuetan dauden desorekak identifikatu eta horiek "zuzentzeko ekintza zehatz positiboak" proposatuko dituzte Ertzaintzaren hurrengo lan eskaintza publikoetan ezartzeko. Sailburuak ez du argitu zenbat diru bideratuko duten egitasmo horretara.
Arkautiko Akademiak 24,9 milioi euro izango ditu 2022an, aurten baino % 1,7 gehiago. Diru horrekin finantzatuko dira Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren lan eskaintza bateratua, covid-19aren ondoren ikasleak geletara itzultzea (Mugi-Arkaute programa) eta giza eskubideen arloko formakuntza ikasleen formakuntzan sartzeko UPV/EHUrekin egingo den hitzarmen berria.
Indarkeria matxistaren kontrako borrokaren alorrean, biktimak babesteko programak 7,9 milioi euro izango ditu (2021eko partidaren antzekoa). Azken datuen arabera, EAEko 5.038 emakumek (2021ean baino 257 gehiagok) dute Ertzaintzaren nolabaiteko babesa. Halaber, aipagarria da EBA programa (Emakumeen eta Etxekoen Babesa proiektua), 80.000 euroko partidarekin, emakumeen aurkako indarkeria delituekin zerikusia duten espediente guztiak partekatzeko aukera ematen duen sistema digital bat sortuko dute. Asmoa da indar polizial guztiek espedienteak formatu berean sortzeko eta partekatzeko aukera izatea, emakume bakoitzaren eta seme-alaben arriskua berdin ebaluatzeko eta horren arabera babes egokia ezartzeko.
Era berean, proiektuak 6,7 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du eraikinen energia efizientzia hobetzeko eta zaharberritze eta birgaitze lanak egiteko. Beste 2,6 milioi euro Ertzaintzaren ibilgailuentzako zibersegurtasun proiektu berrian gastatuko dira. Inbertsio handi horren barruan, bi laborategi jarriko dira abian, finko bat eta mugikor bat, polizia-ibilgailuen zibermehatxuak eta ziberkalteberatasunak hautemateko eta horiei erantzuteko.
Azkenik, Segurtasun Sailaren 2023-2028 Euskara Plan berriak 2,4 milioi euro izango ditu (aurtengo aurrekontuenaren antzera) langileen euskalduntzea sustatzeko.