Ekonomia -
elektrizitatea
Argindarraren orduko megawattaren prezioa 79 euroraino jaitsiko da igande honetan
Abuztu hasierako mailara itzuliko da argindarraren prezioa igande honetan, urriko preziorik baxuenarekin. Hori bai, igaro den hilabetea inoizko garestiena izango da.
agentziak | eitb media
Argindarraren eguneroko bataz besteko prezioak behea joko du igande honetan, % 36,56 jaitsita, eta orduko megawatta (MWh) 79 eurora iritsiko da. Urrian zehar erregistratutako preziorik baxuena da, azken hilabete hau inoizko garestiena izango den arren.
Gainera, zifra berri horrekin abuztu hasierako mailara itzuliko da prezioa. Abuztuaren 7az geroztik (azken preziorik baxuena 65,64€/MWh-koa izan zen), argindarraren prezioak ez dio marka historikoak hausteari utzi.
Larunbat honetan ere % 29,18 jaitsi da aurreko egunari dagokionez, baina handizkako merkatuan argidarraren prezioak altuak dira oraindik, gainerako segida historikoarekin alderatuta. Hain zuzen, % 120,85 garestitu da prezioa duela urtebeteko egun berarekin alderatuta.
Hala, urriko argindarraren bataz besteko prezioa megawatteko 212,29 eurokoa izango da. Alegia, 56,15 euroan gaindituko du irailekoa (156,14 euro/MWh), unera arteko hilabeterik garestiena bilakatuz.
Igande honetako preziorik altuena 21:00ak eta 22:00ak bitarte izango da, eta megawatteko 148 eurora iritsiko da. Baxuena, berriz, 09:00ak eta 10:00ak artean izango da, eta 52,79 euro/MWh kotizatuko du ordu horretan.