Ekonomia -
Nafarroako BPG
Nafarroako Barne Produktu Gordina % 1,8 hazi da azken hiruhilekoan
Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu du zerbitzuetako aktibitatearen igoerari zor zaiola gorakada. Industria aktibitatea, berriz, ez da neurri berean hazten ari.
O.P. | Eitb Media
Nafarroako Barne Produktu Gordina % 1,8 hazi da azken hiruhilekoan aurrekoarekin alderatuta (% 2,6). Oraingo igoera leunagoa izan den, "datuek erakusten dute aktibitate ekonomikoak berreskuratzen bidean jarraitu duela udan ere, covid-19aren delta aldaerak neurriak estutzea ekarri zuen arren".
Hala azaldu du Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun sailburuak prentsaurrean. Etorkizunari buruz esan du "ezjakintasuna altua" dela, baina espero dutela Nafarroako ekonomiak hobera egiten jarraitzea.
Iazko datuekin konparatuta % 4,1 igo da BPG, Saizek azaldu duenez, ordea, konparaketa "ez da oso adierazgarria", pandemiak baldintzaturiko epealdi batekin konparatzea litzatekelako. 2019arekin alderatuz gero, baina, "ikusten da Nafarroako aktibitatea covid aurreko egoerara gerturatzen ari dela apurka-apurka".
Jarduera ekonomikoaren hazkundea besteak beste, zerbitzuen dinamismo handiari zor zaio Saizen arabera; izan ere, ostalaritza, kultura, aisia edo turismoa bezalako jardueretan bultzada handia sumatu da, aurreko hilabeteetako murrizketak bertan behera utzi ondoren.
Hala ere, zerbitzuen susperraldia egonkortzen ari den bezala, industria geldialdian sartzen ari dela dirudi. Industriaren ekoizpena % 15 jaitsi da uztailean eta abuztuan, eta negozioen kopurua, berriz, % 20 baino gehiago.
Industria-jardueraren susperraldia espero baino apur bat gehiago atzeratu daiteke, aurka baititu hainbat faktore: energia-fakturaren garestitzea edo hornikuntza-kate globalen hausturak esaterako, eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak eragindakoak, bai eta lehengaien eta garraioaren prezioen igoera ere. Saizek ez du espero, gainera, arazo horiek "epe laburrean" desagertzea.
Nafarroako ekonomia krisi aurreko balioetara itzul liteke 2022ko lehen erdian, baina aurreikuspen horiek apaltzen dituzten hainbat arrisku daude Saizen arabera. Pandemiarekin lotutako osasun-arriskuak hor jarraitzen dutela ohartarazi du, hornikuntza arazo globalak larriagotu ditzaketen herrialdeetan.
Estatuko eta Europako BPGren gorakada
Espainiako ekonomiak % 2 egin du gora urteko hirugarren hiruhilekoan, hau da, % 1,1 igo da bigarren hiruhilekoan, eta % 0,6 egin du behera lehenengoan, covid-19aren pandemiari aurre egiteko murrizketek behera egin dutelako pixkanaka, Kontabilitate Nazionalak ostiral honetan emandako datuen arabera. Urte arteko datuei dagokienez, BPGa % 2,7 handitu zen.
Euroguneari dagokionez, Barne Produktu Gordina (BPG) % 2,2 hazi da azken hiruhilekoan eta % 2,1 EBn hirugarren hiruhilekoan. 2020ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, BPGaren hazkundea % 3,7koa izan da moneta bakarraren eremuan eta % 3,9koa hogeita zazpi herrialdeen artean, Eurostat erkidegoko estatistika-bulegoak ostegun honetan argitaratutako kalkuluaren arabera.