Ekonomia -

EAE-ko aurrekontuak

Aurrekontuen negoziazio "errealista" eskaini dio lehendakariak oposizioari

EH Bilduk "ikuspegi zabala" eskatu dio aurrekontuen esparrutik harago doazen akordioak bilatzeko, eta Elkarrekin Podemos-IU beldur da aurrekontuetan jasotako inbertsioa ez ote den nahikoa izango.

Eusko Legebiltzarraren osoko bilkura. Argazkia: EFE.
Eusko Legebiltzarraren osoko bilkura. Argazkia: EFE.
Aurrekontuen negoziazio ''errealista'' eskaini dio Iñigo Urkullu lehendakariak oposizioari

0:23

agentziak| EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak aurrekontuen negoziazio "errealista" abiatzea eskaini die Legebiltzarreko oposizioko taldeei, autonomia erkidegoen eskumenekin bat datorrena, "betorik eta bazterketarik gabe".

Maddalen Iriarte, Miren Gorrotxategi eta Carlos Iturgaiz EH Bilduko, Elkarrekin Podemos-IUko eta PP+Cs alderdietako bozeramaileek, hurrenez hurren, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egindako hainbat galderari erantzunez egin du eskaintza Urkulluk.

2022ko aurrekontu proiektua izapidetzen hasteko egunean, lehendakaria prest agertu da gainerako alderdien aldetik "entzuteko eta ekarpenak jasotzeko", betiere bere Gobernuaren "errealitatearen eta eskumenen printzipioaren barruan badaude".

"Atea irekita dago iaz bezala, ez dago betorik, bazterketarik, ezta marra gorririk ere, Euskakiren bultzada sozial eta ekonomikorako funtsezkoa den aurrekontu hau indartzeko borondatea baino ez dago. Denbora dugu eta prest gaude", azpimarratu du Gorrotxategiri erantzunez.

Ildo beretik, Iriarteri zuzendu zaio, eta azpimarratu dio bere Gobernuak gehiengo osoa duen arren prest dagoela negoziazio prozesu bat "errealismoz" irekitzeko, proiektua hobetzeko nahi duten talde guztiekin. Prozesu horretatik kanpo geratu da Vox, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak kontuen aurkezpenean adierazi zuen bezala.

PP+Cs taldeari ere eskua luzatu dio, azpimarratu duenez, akordioa zenbat eta zabalagoa izan orduan eta onura handiagoa lortuko delako gizarte osoarentzat. Azpimarratu duenez, euskal gizartearen etorkizunerako funtsezkoak diren gaietan, bere Gobernua prest dago "hala nahi duten talde parlamentarioekin hitz egiteko, negoziatzeko eta adosteko, lehentasun-irizpiderik a priori ezarri gabe".

Lehendakariak gogorarazi du datorren astean sailburu guztiek Legebiltzarreko batzordean zehaztuko dituzten aurrekontuen lehentasuna gizarte politikak indartzea eta ekonomia suspertzea dela, pandemian galdutako enplegua berreskuratzeko eta langabezia % 10etik behera murrizteko.

Euskadiko historiako aurrekonturik altuena dela berretsi du, 13.107 milioi eurorekin, eta ehun ekonomikoaren eraldaketa prozesuari heldu nahi diola, "pandemiaren aurreko egoerara itzultzea nahikoa ez delako".

Maddalen Iriartek aldarrikatu duenez, aurrekontuen negoziazioan "aurrekontuei hertsiki lotuta ez dauden beste gai batzuei buruz ere hitz egin daiteke", "borondatea badago edozertaz hitz egiteko aukera dagoelako".

"Kontu handiz aztertuko ditugu aurrekontuak. Negoziatzeko prest gaude akordio zabalak lortzeko. Orain zuei dagokizue borondatea duzuela erakustea. Bere Gobernuari dagokio egoerak eskatzen duen mailan egoten dakiela erakustea eta hiruzpalau aurrekontu-partida mugitzeaz harago elkarrizketa zintzoa irekitzeko gai izatea", esan du.

Bestalde, Miren Gorrotxategik zalantzan jarri du aurrekontua hedakorra ote den, eta inbertsio publikoa handitzea "albiste ona" den arren, bere taldearentzat "ez da nahikoa" aurrekontu-prozesuari "behar bezala" aurre egiteko.

Iturgaizek lehendakariari aurpegiratu dio estatus berria eta Hezkuntzaren euskal lege berria bezalako funtsezko gaietan Eusko Jaurlaritzak EH Bildurekin akordioa lortu nahi duela. EH Bilduri buruz esan du "demokraziara iritsi gabe" jarraitzen duela eta ez duela ETAren terrorismoa gaitzetsi. Horregatik, EAJren eta EH Bilduren aliantzei buruzko hausnarketa eskatu dio.

Kontrol saioa hasi baino lehen, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari eman dio 2022ko aurrekontuen lege proiektua, eta, ondorioz, tramitazio parlamentarioari hasiera eman diote.

Pedro Azpiazuk 2022ko aurrekontu-proiektua Legebiltzarreko presidenteari eman dio
Pedro Azpiazuk 2022ko aurrekontu-proiektua Legebiltzarreko presidenteari eman dio
Pedro Azpiazuk 2022ko aurrekontu-proiektua Legebiltzarreko presidenteari eman dio

1:10
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu IU Eusko Jaurlaritza Ekonomia EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Maddalen Iriarte EAEko Aurrekontuak Miren Gorrotxategi