Ekonomia -

Lan-gatazka

Greba eguna dute gaur Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, ELAk eta LABek deituta

Egoitzen sektorean protestak izango dira, gaur bezala, azaroaren 12an ere. Bihar, geldialdiak eta bilkurak egingo dituzte gainera. Prekarietatearekin amaitzeko, lan-hitzarmena eta ratioak eguneratzea eskatzen dute.

Egoitzetako langileen manifestazioa, joan den azaroan. Eitb-ren artxiboko irudia
Egoitzetako langileen manifestazioa, joan den azaroan. Eitb-ren artxiboko irudia
Gipuzkoako Aldundiak eskaintzen duen egoitzen irudi ''idilikoa'' salatu dute ELAk eta LABek

2:13

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako adinekoen egoitzen egoera "larria" eta "lotsagarria" salatzeko grebekin jarraitzen dute ELA eta LAB sindikatuek. Gaur eta azaroaren 12an greba egunak izango dira Gipuzkoako egoitzetan.

Horrez gain, ELAk lanuzteak eta bilkurak egingo ditu bihar, ostirala, Gipuzkoako hogei bat egoitzaren aurrean. Ekitaldi nagusia Donostiako Txara egoitzaren parean egingo dute.  

LAB sindikatuak egunotan igorritako ohar batean adierazi du urteak daramatzala egoitzetako egoera salatzen, baina pandemiak areagotu egin duela "adinekoen egoitzetan dauden gabeziak".

Langileak osasuna galtzen ari direla ohartarazita, erakundeen eta enpresen jarrera salatu du sindikatuak. "Gatazka langileena, egoiliarrena eta horien senideena dela irudikatu nahi dute, baina gizarte osoari eragiten dion arazo baten aurrean gaude", azpimarratu du sindikatuak.

Adinekoak eta menpekotasuna duten pertsonak zaintzeaz arduratzen direla eta zerbitzu hori diru publikoarekin finantzatzen dela gogoratu ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak egoera honi buelta emateko ezer egin ez duela salatu du LABek.  

"Langileek, beste behin, profesionalak direla erakutsi dute, eta duten onena ematen ari dira beren lanean, egoiliarrak maite dituztelako, baina beren eskubideengatik borrokan jarraituko dute", nabarmendu du.

Gatazka honi irtenbidea emateko, Gipuzkoako egoitzetako lan-hitzarmena eta ratio berriak adostea ezinbestekotzat jo du sindikatuak.

Halaber, zaintza zerbitzua pribatizatzeko erakundeek hartu duten joera salatu du, prekarietatea handitzen duela eta horrek egoiliarren arretari eragiten diola ohartarazita.

Gauzak horrela, zaintza zerbitzu publikoa aldarrikatzeko eta negoziazio kolektiboa abiatzeko deia egin du LABek.  

Aldundiaren txostena

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo aurkeztu zituen egoitzetako erabiltzaileen eta sektoreko profesionalen artean egindako gogobetetasun-inkesta baten emaitzak.

Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak eta inkestaren arduradun Javier Castrok eta Alex Gomezek prentsaurreko batean azaldu zutenez, 2.026 lagunek hartu dute parte galdeketan: 247 egoiliarrek, 660 senidek eta 1.119 profesionalek. Gainera, 112 langilek 14 kontraste-tailerretan parte hartu dute, erantzunetan sakontzeko.

Bildutako datuen arabera, erabiltzaileen gogobetetasuna % 77,2koa da; familiena, % 73,5koa, arretari dagokionez; eta profesionalek, berriz, % 62,7ko puntuazioa ematen diote.

Ratioei buruz ezusteko emaitzak atera dira inkestan, txostenaren "hobetu beharreko arloetan" azkena agertu baita. Beraz, ez da ikusi ratioen eta zerbitzuaren kalitateari buruzko pertzepzioaren arteko erlazio zuzenik.

Hala ere, Gipuzkoan "objektiboki ratio altuenak" daudela esan du Peñak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Sindikatuak Lan gatazkak Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak