Ekonomia -
2022ko aurrekontuak
Nafarroako Gobernuak aurrekontuen aurreproiektua onartu du, 5.273 milioi eurorekin
Iazkoarekin alderatuta, % 8,27 igoera dakar eta Europako funtsetatik helduko diren 162 milioiak ditu barne. Ekonomia eta Ogasun kontseiluak azpimarratu duenez, "susperraldirako ezinbesteko oinarria" da egitasmoa.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Nafarroako Gobernuak 2022rako aurrekontuen aurreproiektua onartu du asteazken honetan. Guztira, 5.273 milioi euro izango dira, iaz baino % 8,27 gehiago. Gastu ez-finantzarioaren muga 4.767 milioi eurokoa izango dela aurreikusi du.
Elma Saiz Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak prentsaurrekoan azaldu ditu aurreproiektuaren ildo nagusiak, gobernuaren ohiko bileraren ostetik. Saizen hitzetan, "herriaren aurrekontuak" dira honakoak, partida osoaren % 54,18 arlo sozialera bideratuko dutelako, batez ere Osasunera, Hezkuntzara eta Eskubide sozialei. Aurreproiektuak Europako funtsetatik etorriko diren 162 milioi euroak ditu barne.
Atzo Foru Gobernuak eta EH Bilduk kontuen inguruko "akordio partziala" lortu zuten, ezein dokumentutan bildu ez bazuten ere. Horrenbestez, gertuago du Chiviteren gobernuak 2022rako aurrekontuen inguruko hitzarmena, eta hirugarrenez, proiektua onartzeko beharrekoa duen gehiengoa erdiestea. Aurrekoetan bezala, Navarra Suma izango litzateke babesa emango ez lukeen talde bakarra.
Ekonomia eta Ogasun kontseilariak azpimarratu duenez, Nafarroa ekonomikoki suspertzeko "ezinbesteko eta beharrezko oinarria" da egitasmoa. Aurrekontua exekutiboaren sail guztiek egindako "lan zorrotz, arduratsu eta handiaren" emaitza da, baina baita "proaktibo" izan nahi izan duten alderdiekin egindako "negoziazio garrantzitsuaren" fruitua ere. Horren ildoan, Saizek argitu duenez, Nafarroako Gobernuak "eskua luzatu die oposizioko bi alderdiei, baina bakar batek parte hartu nahi izan du", EH Bilduri erreferentzia eginez.
"Alderdi horrek eta Nafarroako Gobernuak hainbat adostasun lortu dituzte gobernu honentzat garrantzitsuak ziren lan ildo batzuk indartzeko orduan, eta akordioak erdietsi ditugu Lurralde Kohesioan, Osasunean, Eskubide Sozialetan edo Hezkuntza alorrean, betiere egonkortasuna helburu", azaldu du.
Zehaztu duenez, honako arloak "indartzea" hitzartu zuten bi aldeek: berdintasun politikak, 0-3 urteko heziketa doan izatea, euskara ikasteko eskaintza edota Lehen Arretan psikologoen presentzia. Dena dela, Saizek ez du adostutakoa zenbakitan jarri nahi izan, akordio "partzial eta atarikoa" delakoan. Azpimarratu duenez, proiektua guztiz ixten denean " argitaratu eta xehetasun guztiekin azalduko" dute.
Eskubide Sozialak, Hezkuntza eta Osasuna, gako
Esan bezala, eremu sozialarekin lotutako kontseilaritzek bereganatuko dute dirutza handiena, hots, Osasunak, Hezkuntzak eta Eskubide Sozialek. Lehenengoari dagokionez, 2022a "covid-19 urtea izan den batetik ziurrena izango ez den baterako trantsizioa" izango da lege. Hori horrela, Lehen Arreta indartuko da, pertsonal aldetik zein azpiegituratan.
Eskubide Sozialen arloan, "menpekotasun, desgaitasun eta buruko gaixotasunekin lotutako arretan zerbitzuak eta laguntzak handitu eta hobetuko dira, eredu berri bat bultzatuz. Enpleguaren Legea eta Enplegu politika aktiboen legea ere garatzen jarraitu, eta pobreziaren kontrako borroka eta babes soziala bultzatuko da. Horrez gain, desgaitasun, gizarte inklusio eta erresidentzietako lan baldintzak hobetzeko pausoak emango dira".
Hezkuntza Kontseilaritzak % 7,5eko igoera izango du bere aurrekontuan eta helburutzat jo du 0-3 urteko zikloaren doakotasunean aurrera egitea, baita matrikulazioak gora egitea ere. MRR Europako funtsak lagun izango dituzte xede horretan.
Era berean, udal eta kontzejuek 271 milioi euro gehiago izango dituzte herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuak zein funtzionamendua finantzatzeko, iaz baino 16 milioi gehiago. Horrez gain, kontuan hartu behar da datorren urterako tokiko erakundeen finantzazio eredu berria izango dela.