Ekonomia -
Berreskurapen-mekanismoa
Baliteke Jaurlaritzak beste 400 milioi euro jasotzea Europako funtsetatik
Une honetan, Jaurlaritzak 595 milioi euro ditu hitzartuta 2021-2023 eperako.
Agentziak | EITB Media
Eusko Jaurlaritzak 595 milioi euro jasoko ditu 2021etik 2023ra bitartean Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren Europako funtsen bidez, behin-behineko estimazio baten arabera, baliabide horien banaketa oraindik osatu ez delako, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak jakinarazi duenez.
Azpiazuk agerraldia egin du asteazken honetan Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordean, Espainiako Gobernuaren Eraldaketa eta Erresilientzia Berreskuratzeko Planaren funtsen hedapenari buruzko azalpenak emateko.
Sailburuaren hitzetan, autonomia erkidegoei transferituko zaizkien 35.000 milioi euroetatik 14.733 milioi euro banatu dira orain arte. Euskadik 595 milioi euro jasoko ditu: 359 milioi, 2021ean; 111 milioi, 2022an; eta 71 milioi, 2023an.
Gainerako 54 milioi euroen urteko banaketa ez da ezagutzen oraindik, baina banaketa 2022an hasiko da. Funts horiek herritarren gaitasun digitalak bultzatzeko (sei milioi euro) eta energetikoki eraginkorrak diren eraikinetan alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko (48 milioi euro) erabiliko dituzte.
Azpiazuren arabera, Euskadiri 2022tik aurrera legozkiokeen zenbatekoak kalkulatu ahal izateko, Estatuko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako funtsen transferentzietan oinarritutako estimazio konparatibo bat egin dute. Horrela, zenbatekoa 400 milioi eurokoa izango dela adierazi du.
Espainiako Gobernuko ministerioek zuzenean kudeatzen duten zatiari dagokionez (35.000 milioi euro), 48 deialdi egin dira orain arte, 4.530 milioi euro inguruko laguntzak emateko.
Zenbateko horretatik, Euskadirako bi esleipen ezagutzen dira: 3,3 milioi euro ESS Bilbao Partzuergoarentzat (Suediako Lundeko espalazio-neutroien Europako iturriari gauzazko ekarpena egiteko) eta 600.000 euro Donostiako Zinemaldiarentzat.
Lehentasunezko proiektuak
Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak Nadia Calviño Espainiako lehen presidenteordeari aurkeztu zizkion hiru proiektu estrategikoak zehazteko prozesuaren berri eman du sailburuak.
Gogora ekarri duenez, proiektu horiek 'Basque Mobility', 'Datoaren Ekosistema' eta 'Basque Advanced Therapies' dira. Azpiazuk berretsi duenez, ekimen horiek bat datoz gobernu-programan jasotako "trantsizio hirukoitzarekin", Europako agintariek egiturazko funtsen esparruan bultzatutako RIS3 Estrategiaren hiru espezializazio-arloekin eta "izaera eraldatzaile nabarmenarekin".
Bestalde, oraindik banatzeko dauden 20.000 eurotik gorako zenbatekoei begira, 400 milioi inguru jaso ditzakeela kalkulatu du Eusko Jaurlaritzak, Azpiazuk adierazi duenez.