Ekonomia -

ENERGIA ETA PREZIOAK

225,36 euro/MWh kostatuko da argindarra gaur, 200 eurotik gorako hamabigarren egunean, jarraian

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuak iragarri duenez, dekretua onartuko dute asteartean, egoera zaurgarrian dauden 1,2 milioi familiarentzat 100 milioi gehiago bideratzeko.

Argindarraren postea Bilbon. Argazkia: EFE
Argindarraren postea Bilbon. Argazkia: EFE
Argindarraren postea Bilbon. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argindarraren prezioak goia jota jarraitzen du eta orduko megawatta (MWh) 225,36 eurora iritsiko da astelehen honetan, OMIE merkatu elektrikoko operadorearen datuen arabera.

Hamabigarren eguna izango da, jarraian, 200 eurotik gorako prezioa izango duela. Dena dela, joan den asteko astelehenean ezarritako salneurria baino 2 euro merkeagoa izango da (227,45 euro/MWh).

20:00etatik 21:00etara bitartean kostatuko da gehien argindarra gaur: 262 euro/MWh. Tarterik merkeena, berriz, 16:00etatik 17:00etarakoa izango da: 200,91 euro/MWh kotizatuko du.

Argindarraren prezio altua eragina izaten ari da ekoizpen industrialean. Hainbat konpainia geldialdiak egiten hasi dira eta oinarrizko hainbat produkturen salneurria igo egin da, ogiarena, adibidez.

Sanchezek iragarri du 100 milioi gehiago bideratuko dituztela arriskuan dauden familiei laguntzeko, negura begira

Argindarraren prezioaren igoeraren aurrean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du Ministroen Kontseiluak 100 milioi euro gehiago jasoko dituen errege lege-dekretua onartuko duela astearte honetan, urriak 26, zaurgarritasun egoeran dauden 1,2 milioi familiari negua igarotzen laguntzeko.

Sanchezek aitortu du Europan elektrizitatearen prezioak ezartzeko dagoen sistema ez dela funtzionatzen ari, eta, hori dela eta, "esparru hori eta zuzentarau hori Europar Batasunean berrikustea" eskatu du.

Gainera, Europar Batasunak gasa ekoizten duten herrialdeekin "batuta" negoziatu beharko lukeela ere esan du, "covid-19aren aurkako txertoekin egin zen bezala": "Elkarrekin indartsuagoak gara, negoziatzerako garaian pisu handiagoa dugu Europar Batasuneko 400 milioi pertsonarena negoziatzen badugu, Espainiako 47 milioirena baino".

Europan gauzak berak nahi lukeena baino "motelago" doazela adierazi du, baina konbentzituta dagoela "Europa mailan energiaren krisiari eta prezioen gorakadari erantzun komunitarioa emateko planteamendua" lortuko dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak