Ekonomia -
MANIFESTAZIOAK
Pentsioen murrizketen kontra eta lan-erreforma indargabetzearen alde manifestazioak deitu ditu ELAk gaurko
"Ez gaitzazue Madrilen saldu. Sarraskiari STOP; pentsioen murrizketarik ez. Lan-erreformak derogatu" lelopean garatuko dira manifestazioak Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean.
Eitb Media
ELAk lau manifestazio deitu ditu gaur goizean, 11:30etik aurrera, Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean, 'Ez gaitzazue Madrilen saldu. Sarraskiari STOP; pentsioen murrizketarik ez. Lan-erreformak derogatu' lelopean.
"langile klasea mobilizatzea eta alderdi politikoak presionatzea" da helburua, "EAJ, EH Bildu eta Podemos, zehazki, konpromisoa har dezaten pentsioetan murrizketarik ez onartzeko eta lan-erreforma indargabetzea eskatzeko". Izan ere, "lan-erreforma berriak Zapaterok 2010ean eta Rajoik 2012an ezarri zituzten elementurik kaltegarrienak mantentzea" aurreikusten duela uste du sindikatu abertzaleak.
ELAk gogorarazi du erreforma horiek Kongresuan gehiengoz onartu behar direla eta "gaur egun gobernagarritasun bloke izeneko alderdi independentista eta nazionalisten multzo horrek pentsioen murrizketak eragotzi eta lan-erreforma baldintzatu" dezakeela. "Zoritxarrez, erabaki horiek oraindik Madrilen onartzen" badira ere, "Euskal Herritik erreforma horiek baldintzatu" daitezkeela uste dute baina "kezkagarria" deritzote "alderdi horiek hain erreforma larrien aurrean erakutsi duten isiltasunari".
Erreforma hauen edukia, norabidea eta onartzeko datak zeintzuk izango diren jakitea "ezinbestekoa" dela uste du ELAk. Hala, ahal duen guztia egingo duela horiek baldintzatzeko jakinarazi du, greba orokorra deitzea, tartean.