Ekonomia -
Erregaiak
Frantziako Gobernuak 100 euro emango dizkie hilean 2.000 euro azpitik irabazten duten herritar guztiei
Jean Castex lehen ministroak iragarritako neurriak erregaien prezioaren efektu inflazionista konpentsatzea du helburu eta herrialde osoko 38 milioi laguni eragingo die. Zuzenean, ezer egin beharrik izan gabe jasoko dute txekea, autoa eduki ala ez, hura asko ala gutxi erabili.
O.P. | Eitb Media
Hilean 2.000 euro garbi baino gutxiago irabazten duten Ipar Euskal Herriko herritarrek 100 euroko txeke bat jasoko dute, Frantziako Gobernuak erregaien efektu inflazionistari aurre egiteko iragarritako neurriari esker.
Abantaila hori probestuko dute estatu osoko 38 milioi herritarrek baino gehiagok; zehazki, hilean 2.000 euro garbiko (herrialdeko batezbesteko soldata) langara iristen ez diren guztiek. Gainera, berdin-berdin jasoko dute laguntza autorik ez dutenek ere, ala, edukita ere, gutxi erabiltzen dutenek.
Dagokienek, automatikoki jasoko dute txekea abendutik aurrera, inongo tramiterik beharrik izan gabe. Hala azaldu zuen Jean Castexek ostegunean, TF1 katean neurria aurkeztu zuzenean. Esan zuenez, neurri "sinple" bat nahi zuten, klase ertainaren zati batek ere izan zezan laguntza jasotzeko aukera.
"Egoera ohiz kanpokoa bizi dugu eta erantzunak ere ohiz kanpokoa izan behar du", azpimarratu zuen Castexek, energiaren igoera konpentsatzeko neurria arrazoitzerakoan. Duela hiru aste iragarri zuen gasaren eta argindarraren prezioak mugatzeko neurri sorta.
100 euroko txeke honen zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan izan da frantziar estatuko herritarrek batez beste 14.000 kilometro egiten dituztela euren ibilgailuan urtero, eta, erregaiaren prezioak urtarrila hasieratik izan duen igoeraren ondorioz (9 zentimo), iaz baino 80 euro gehiago kosta zaiela erregaia.
Txekea modu desberdinetan ordainduko da. Soldatapekoei enpresen bitartez iritsiko zaie. Baserritar, autonomi eta jubilatuei aurki zehaztuko dituzten bestelako bide batzuetatik iritsiko zaie.
Estatuarentzako 3.800 milioi euro kostua izango du neurriak. Horren zati bat, 1.000 milioi, erregaien BEZagatik izango diren diru-sarreren igoeratik ordainduko da, prezioa igotzean, zerga ere igotzen baita.
Beste zati bat gastu publikoko beste partida batzuetatik aurreztutakotik ordainduko da. Casteixek azaldu zuenez, bere Gobernuak Bruselan aurkeztu baitu jada 2022rako defizit aurreikuspena, BPGaren % 5a, "eta bete egingo dugu", esan du lehen ministroak.
Hau da, txeke honek ez ditu kontu publikoen zifra gorriak igoaraziko.
Joan den irailaren 30ean, Castexek argindarraren eta gasaren tarifak mugatzeko neurri sorta iragarri zuen, energiaren txekea deiturikoa zabaldu ostean. Baliabide gutxiko sei milioi etxe inguruk jasotzen du txeke hori eta, udaberrian jaso zituzten 150 euroei, beste 100 euro gehitu dizkie orain Gobernuak, eta 150 gehiago izango dituzte datorren udaberrian.
Argindarraren kasuan, Exekutiboko buruak azaldu zuen prezioak gehienez % 4 igoko direla. Kontuan izan behar da 2021ean bi igoera izan direla, bata urtarrilean % 1,16koa eta bestea abuztuan 0,48koa, nahiz eta handizkako merkatuan igoerak askoz handiagoak izan diren.
Gasari dagokionez, urriaren 1ean indarrean sartu zen azken igoeraren ondoren (% 12,6koa, irailarekin alderatuta), partikularrentzako tarifak izoztuta egongo dira aurten eta 2022 osoan. Horrek esan nahi du Estatuak bere gain hartuko dituela gasak nazioarteko merkatuetan izan ditzakeen gorakaden kostua.