Ekonomia -

Lan-gatazka

ELA eta LAB sindikatuek bi eguneko greba deitu dute Gipuzkoako erresidentzietako "egoera larria" salatzeko

LAB sindikatuak azpimarratu du egoitzetako langileek pairatzen duten prekarietatearekin amaitzeko lan-hitzarmena eta ratioak eguneratzea ezinbestekoa dela. Lanuzteak urriaren 28an eta azaroaren 12an egingo dituzte.

LABeko delegatuak greba-deialdiaren kartelak jartzen. Argazkia: LAB sindikatua
LABeko delegatuak greba-deialdiaren kartelak jartzen. Argazkia: LAB sindikatua
LABeko delegatuak greba-deialdiaren kartelak jartzen. Argazkia: LAB sindikatua

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA eta LAB sindikatuek grebara joko dute Gipuzkoako adinekoen egoitzetan bizi duten "egoera larria eta lotsagarria" salatzeko. Lanuzteak urriaren 28an eta azaroaren 12an egingo dituzte.

Horrez gain, ELAk lanuzteak eta bilkurak egingo ditu ostiral honetan Gipuzkoako erresidentzien aurrean. Ekitaldi nagusia Donostiako Txara egoitzaren parean egingo dute.  

LAB sindikatuak ohar bidez adierazi du urteak daramatzala erresidentzietako egoera salatzen, baina pandemiak areagotu egin duela "adinekoen egoitzetan dauden gabeziak".

Langileak osasuna galtzen ari direla ohartarazita, erakundeen eta enpresen jarrera salatu du sindikatuak. "Gatazka langileena, egoiliarrena eta haien senideena dela irudikatu nahi dute, baina gizarte osoari eragiten dio arazo baten aurrean gaude", azpimarratu du sindikatuak.

Adinekoak eta menpekotasuna duten pertsonen zaintzaz arduratzen direla eta zerbitzu hori diru publikoarekin finantzatzen dela gogoratu ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak egoera honi buelta emateko ezer egin ez duela salatu du LABek.  

"Langileek, beste behin, profesionalak direla erakutsi dute eta duten onena ematen ari dira beren lanean, egoiliarrak maite dituztelako, baina beren eskubideengatik borrokan jarraituko dute", nabarmen du.

Gatazka honi irtenbidea emateko Gipuzkoako egoitzetako lan-hitzarmena eta ratio berriak adostea ezinbestekotzat jo du sindikatuak.

Halaber, zaintza zerbitzua pribatizatzeko erakundeek hartu duten joera salatu du, prekarietatea handitzen duela eta horrek egoiliarren gaineko arretarengan eragiten duela ohartarazita.

Gauzak horrela, zaintza zerbitzua publikoa aldarrikatzeko eta negoziazio kolektiboa abiatzeko deia egin du LABek.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Sindikatuak Lan gatazkak