Ekonomia -
Bizkaia
Bilboko 10.000 gazte inguruk etxebizitza bat behar dute, baina ezin dute ordaindu
Gainera, 18 eta 34 urte arteko 37.000 bat pertsona oraindik gurasoen etxean bizi ziren 2020an. 2023an, hutsik dauden etxebizitzei kanon bat aplikatzen hasteko asmoa du Udalak. Hirian alokairu merkatuan jar daitezkeen 2.122 etxe daude.
Agentziak | EiTB Media
Jon Bilbao Bilboko Udaleko Etxebizitza zinegotziak jakitera eman duenez, 18 eta 44 urteko 10.000 gazte inguruk etxebizitza bat behar dute, nahiz eta diru-sarrerak izan. "Alokairua ordaindu ahalko lukete, baina egoerak eta salneurriek ez diete uzten", adierazi du.
Jon Bilbaok etxebizitza diagnostikoaren ondorio nagusiak aurkeztu ditu ostegun honetan. Gazteriaren Euskal Behatokiaren arabera, 18 eta 34 urte arteko 37.000 bat pertsona oraindik gurasoen etxean bizi ziren 2020an.
Bilboko Udalak urte eta erdi barru hutsik dauden etxebizitzei kanon bat aplikatzeko asmoa du. 2020an, 4.358 etxe hutsik identifikatu zituzten, horietatik 2.122 alokairu merkatuan jartzeko aukera dagoela estimatu du erakundeak.
Esan bezala, Bilbon 4.358 etxe hutsik daudela ondorioztatu du diagnostikoak, 2018ko kopuruaren oso antzekoa; izan ere, orduan 4.240 etxebizitza identifikatu zituzten. Horietatik 2.122 etxek gutxienez bi urte hutsik eman dituzte; ondorioz, alokairura bideratzea posible dela uste dute.
Jon Bilbaoren hitzetan, etxe bat hutsik dagoela erabakitzeko irizpidea "erroldarik eta batere ur kontsumorik ez izatea" da.
Nahiz eta Udalak azterketarik ez egin, hutsik dauden etxeak alokairuan jartzeak merkatuan "eragina" izango duela uste dute arduradunek. "Zenbat eta eskaintza handiagoa izan, salneurrien igoera apaltzeko aukera handiagoak", azpimarratu du zinegotziak. Edozelan ere, alokairuaren prezioak geldiarazteko, Eusko Jaurlaritzak edo aldundiek beste neurri batzuk onartu beharko lituzketela esan du Bilbaok.
Bilboko Udalaren helburua "etxebizitza mobilizatzea da, funtzio soziala bete dezan". "Ez dugu dirurik bildu nahi", erantsi du. Lehendabizi, bi urte baino gehiago hutsik daramaten etxebizitzetako jabeekin harremanetan jarriko dira, "egoera azaltzeko, merkaturatzen saiatzeko eta lanak errazteko".
"Horren guztiaren ostean, norbaitek ez badu nahi bere etxea merkatuan jarri, kanon bat aplikatuko zaio", adierazi du. Horretarako, "gutxienez urte eta erdi" beharko dela gaineratu du; izan ere, 2022an informazio prozesu bat aurrera eramango dute, eta "kasuz kasu" aztertzeko.
Kanonari dagokionez, metro karratuko 10 euro finkatzen ditu dekretuak aurreneko urtean, eta % 30 gora egin dezake etxebizitza merkatuan jartzen ez baldin bada. "Nahiago genuke kanonik ez aplikatu behar izatea, eta etxe gehienak okupatzea", espero du.