Ekonomia -
ENERGIA
Iberdrolak Euskadin dituen inbertsioei eustea espero du Tapiak
Euskal parke teknologikoen sarea hazi egingo da bai lursailetan bai eraikinetan datozen lau urteetan. Hala, egun dauden 580 enpresei 170 gehiago gehitu nahi zaizkie.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Iberdrolak Euskadin dituen inbertsioak mantenduko dituela espero du, konpainiak Erresuma Batuan 7.000 milioi euro inbertituko dituela iragarri ostean, Espainiakoak izoztu dituen bitartean.
Asteazken honetan Zamudion egindako Euskal Parke Teknologikoen Sarearen Plan Estrategikoaren aurkezpenaren ondotik, eta komunikabideei egindako adierazpenetan, Tapiak esan du hornitzaile gisa lan egiten duten euskal enpresei mesede egingo diela Erresuma Batuan itsas parke eoliko bat eraikitzeko inbertsioak.
Halaber, sailburuak espero du Iberdrolak Euskadin egiten dituen inbertsioekin aurrera jarraitzea, besteak beste, sare elektriko adimendunetan eta berriztagarrietan; izan ere, industria askoren traktoreak dira, sailburuaren iritziz. "Uste dugu inbertsio horiek egiten jarraitu behar duela", gaineratu du.
Susperraldi ekonomikoa "apur bat" moteldu dela azpimarratu du sailburuak, eta kezka du datorren neguan gas hornidura bermatu ahal izango den. Zentzu horretan, gasaren prezioa "izugarri" igo dela eta logistikarekin edo lehengai eskasiarekin arazoak daudela gogorarazi du.
Parke teknologikoak hazi egingo dira 170 enpresa gehiago erakartzeko helburuarekin
Jaurlaritzak eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak Euskal Parke Teknologikoen Sarearen Plan Estrategikoa aurkeztu dute asteazken honetan Zamudion, eta datozen lau urteetan EAEko teknologia-parkeen sarea hazi egingo dela azpimarratu dute bai lursailetan bai eraikinetan. Hala, egun dauden 580 enpresei 170 gehiago gehitu nahi zaizkie.
Zehazki, 126 milioi euro inbertituko dituzte bost eraikin egiteko, hiru handitzeko eta milioi bat metro karratuko lur erabilgarria gehitzeko, gehiena Araban, eta lurzorua erosita dute jada.
Miñaon aurreikusitako jarduera garrantzitsuena izango da hedapen geografikoari dagokionez: 740.000 m2-ko hazkundea eta 10,2 milioi euroko inbertsioa aurreikusten dira.