Ekonomia -

ELEKTRIZITATEA

Riberak akordioa azkar adosteko esperantza du, elektrizitatea zentzuzko epe eta prezioetan eskaintzeko

Energiaren gorakadari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak egindako proposamenaren aurrean, Trantsizio Ekologikoko ministroak esan du aztertzen ari direla.

Teresa Ribera Trantsizio Ekologikoko ministroa gaur goizean Bilbon egin den ekitaldian. Irudia: EFE
Teresa Ribera Trantsizio Ekologikoko ministroa gaur goizean Bilbon egin den ekitaldian
Teresa Ribera Trantsizio Ekologikoko ministroa gaur goizean Bilbon egin den ekitaldian. Irudia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Teresa Ribera Trantsizio Ekologikoko ministroak esperantza du datozen egunetan energia enpresen eta sektore elektrotentsibo handien arteko akordioa lortzeko, "elektrizitatea zentzuzko epe eta prezioetan eskaintzeko".

Bilbon egiten ari diren "Zientziaren eta Berrikuntzaren Etorkizuna" jardunaldien baitan egin ditu adierazpenok Riberak, eta azaldu duenez, industriak elektrizitatearen hornidurari eta prezioari dagokionez duen estaldura "mugatua" da.

"Kontsumo elektriko handia duten industrietan, argindarraren prezioaren kostu finkoen zati horren estaldura txikia dute. Zati bat epe ertain eta luzerako kontratuekin estaltzen dute, prezio finkoan, baina beste zati bat handizkako merkatura joanez estaltzen dute egunero", azaldu du.

Horrek, Riberaren arabera, prezioen gorakadan eragin handia du, eta epe luzerako prezio finkoko kontratuak dituzten Europako beste industria batzuekin alderatuta, alde esanguratsua dagoela esan du, Espainiar estatuko industriak baino estaldura handiagoa dutelako.

Egoera konpontze aldera, energia enpresekin eta elektrizitatea maila handian kontsumitzen duten industria enpresa handiekin hitz egiten ari direla azaldu du, "eperako kontratuen eskaintzak egitea errazteko, gasaren preziotik bereizita". Hala, datozen egunetan akordio bat egotea espero du, elektrizitatea zentzuzko epe eta prezioetan eskaintzeko.

Prezioen gorakadaren aurrean Europa mailan lanean jarraitzea babestu du; izan ere, hasieran Europatik iritsitako erantzuna "motz" geratzen bada ere, "lanean jarraitzeko atea irekitzen du".

Ekitaldi horretan bertan, gas erreserba estrategiko bat izatea proposatu du Urkulluk, trantsizioko energia gisa, Energiaren aldeko Estatu Itun baten barruan, eta proposamen hori aztertzen ari direla adierazi du Riberak. Iragan astean argindarraren tarifan ordaintzen diren hainbat tasa aldi baterako kendu eta atzeratzea proposatu zuen Jaurlaritzak, eta aukera horren aurrean ministroak zehaztu du fakturan tasa finkoak daudela eta, ia orain Espainiako Parlamentuan aurrekontuetan sartzea proposatu behar duen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu biografia Bizkaiko albisteak Albisteak Gipuzkoa Araba EAE albisteak Espainia argazkiak Ekonomia 2024 Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Energia berriztagarriak Hidrogeno berdea Energia ekoizpena gaur