Ekonomia -

Lan-istripua

59 urteko langile bat hil da Urnietako kiroldegia eraberritzeko lanetan

Antza, kamioi baten lumak langilea jo du, besoetako batek oreka galdu ostean, eta bertan hil da.

Urnietako kiroldegian egiten ari diren lanetan jazo da ezbeharra. Argazkia: EFE
Urnietako kiroldegian egiten ari diren lanetan jazo da ezbeharra.
Urnietako kiroldegian egiten ari diren lanetan jazo da ezbeharra. Argazkia: EFE

Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

59 urteko langile bat hil da ostiral honetan Urnietan (Gipuzkoa), kamioi baten lumak jota, udalerriko kiroldegia eraberritzeko lanetan.

Antza, kamioiaren lumak langilea jo du, besoetako batek oreka galdu ostean, eta bertan hil da, ELA sindikatuak azaldu duenez. Hildako langileak Pavimentos Tecnologicos Zarra enpresarentzat egiten zuen lan.

Ohar batean, ELAk langilearen heriotza deitoratu du, eta babesa helarazi die haren senide eta gertukoei. Sindikatuak, gainera, "sektore honetako langileek gaur egun pairatzen duten prekarietate-egoera" salatu du.

ELAk azpimarratu duenez, aurten gutxienez 51 pertsona hil dira Euskal Herrian lan-istripuen ondorioz, hamargarrena Gipuzkoan.

Sindikatuaren ustez, "Administrazio Publikoak esleitutako lanetan gertatzen den amaigabeko azpikontratazio sareak prekarietate horren adibide garbia dira, are gehiago eraikuntza sektoreko lanen kasuan".

Hori dela eta, "etengabeko lege-urratzeak, bai lan eta bai prebentzio legedian ere, lan-baldintza ezin gogorragoei eta lan hauetan jasaten duten presioari gehituta, ezbeharrak gertatzeko koktel perfektu bilakatzen dira, kasu honetan gertatu den moduan", salatu du.

ELAren arabera, laster iragarriko dituzte lan-heriotza hori salatzeko egingo dituzten mobilizazioak.

Amurrion (Araba) beste eraikuntzako langile bat hil da gaur. Zendutakoa 54 urteko gizonezko bat da, eta Barrena kaleko lan batzuetako aldamio batetik jausita zendu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Gipuzkoa Ekonomia Eguneko albisteak Urnieta Albisteak