Ekonomia -
Argindarraren faktura
Argindarraren prezioa % 44 garestitu da urtebetean
Elektrizitatearen prezioaren gorakadak ez du etenik, eta ostiral honetan 231,82 euro ordainduko da megawatt-ordua (MWh). Historiako bigarren preziorik garestiena izango da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Elektrizitatearen prezioa % 44 garestitu da urtebetean, 2020ko eta 2021eko iraileko datuak alderatuta. Argiaren prezioak % 0,1eko jaitsiera izan zuen orduan.
Halaber, hazkunde horren ondorioz, kontsumorako prezioen indizeak (KPI) % 4 egin du gora.
Argindarraren prezioaren garestitzea gelditzeko asmoz zenbait zerga arindu izan ez balituzte, urte arteko igoera % 61,1ekoa eta KPIaren hazkundea % 4,5ekoa izango zela adierazi du Espainiako Estatistika Institutuak.
Bestalde, gas naturalaren prezioak % 4,1eko igoera izan du irailean. Duela urtebete, % 8,1eko jaitsiera izan zuen.
Edonola ere, bitartean, argiaren prezioaren gorakadak ez du etenik, eta ostiral honetan % 7,5 garestituko da, osteguneko prezioarekin alderatuta. Ostiral honetan 231,82 euro ordainduko da megawatt-ordua (MWh). Historiako bigarren preziorik garestiena izango da.
Ordu-tarterik garestiena (265 euro/MWh) 09:00etatik 10:00etara izango da, eta merkeena (201,06 euro/MWh), 16:00etatik 17:00etara.