Ekonomia -
Estatuko Aurrekontuak
Estatuak Hego Euskal Herrian egingo duen inbertsioaren zatirik handiena AHTa eraikitzeko erabiliko dute
Estatuko Aurrekontuen lege-proiektuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak 568,8 milioi euro jasoko ditu eta 336,4 milioi bideratuko ditu AHTa eraikitzeko lanetara. Nafarroak, berriz, 94,1 milioitatik 52 milioi bideratuko ditu azpiegitura horretara.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
2022rako Estatuko Aurrekontuen lege-proiektuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak 568,8 milioi euro jasoko ditu inbertsioak egiteko eta diru-sail horretatik 336,4 milioi Abiadura Handiko Trena (AHT) eraikitzeko erabiliko dituzte.
Lurraldez lurralde, Araban 109,89 milioi inbertituko dituzte; Gipuzkoan, 196,89 milioi; eta Bizkaian, 182,79 milioi.
AHT eraikitzeko 325,5 milioi bideratuko ditu Estatuak, baina 77,7 milioi Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu kupoaren bidez. Gainerako 10,9 milioiak Valladolid- Burgos-Gasteiz ibilbidearen proiektua egiteko baliatuko dituzte.
Horrez gain, 94,13 milioiko beste diru-sail bat aurreikusi dute Europako trenbide korridorea egiteko.
Bestalde, Bilboko Porturako 46,54 milioi jarriko dituzte eta Pasaiako Portuarentzat 18 milioi.
Euskal Autonomia Erkidegoko aireportuak eraberritzeko, berriz, 13,8 milioi inbertituko dituzte: 13,4 Bilboko aireportuan; 2,5 milioi Hondarribikoan; eta 0,2 Forondan.
52 milioi Nafarroan AHT eraikitzeko
Nafarroari dagokionez, Estatuak 94,1 milioi euroko inbertsioa egingo du eta horietatik 52 milioi AHTren obretara bideratuko dituzte.
Halaber, Renfek 4,6 milioi erabiliko ditu trenbideak edo geltokiak hobetzeko lanak gauzatzeko.
Trantsizio Ekologikoa eta Demografia Ministerioak 13,9 milioi inbertituko ditu Nafarroan: 10,8 milioi Esako urtegia kudeatzeko erabiliko dituzte; eta 1,2 milioi, urtegia handitzeko.
Bestalde, Agrobioteknologia Institutuak milioi bat euro jasoko ditu eta 15 milioi euro bideratuko dituzte N-121-A errepidea berritzeko obretara.
Industrializazio eta Robotika Zentroak, berriz, bi milioi euro izango ditu datorren urtean.