Ekonomia -
Kontsumorako prezioen indizea
Argindarrak % 3,9 igo du KPIa Euskadin eta % 4,1 Nafarroan irailean
Argindarraren garestitzearekin batera, Kontsumo Prezioen Indizea ia lau puntu igo da irailean Euskadin, baita Espainiako Estatuan ere.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) % 0,9 hazi da Euskal Autonomia Erkidegoan irailean, abuztuko datuekin alderatuta, eta % 3,9 2020ko iraileko datuekin konparatuz gero. Nafarroan, berriz, KPIa bost puntu igo da, % 4,1eraino, iazko datuekin alderatuta.
Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) ostegun honetan jakitera eman dituen datuen arabera, urteko lehen zortzi hilabeteetan, prezioak % 3,1 igo dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Abuztuko datuekin alderatuta, igoera handiena soineko eta oinetakoetan izan da, % 6,4koa. Etxebizitzarena izan da, ordea, sektore inflazionistena, bai urte arteko aldakuntzan, bai urte hasieratik, % 14,6ko eta % 14ko igoerekin, hurrenez hurren.
Lurraldeka, Araba eta Gipuzkoa 2008ko zifretara iritsi dira, hau da, aurreko hamarkadako krisi ekonomikoaren hasierara, urte arteko % 4,1eko hazkundearekin. Bizkaian % 3,8ko igoera izan da.
Abuztuko igoerari dagokionez, % 0,6koa izan da Araban, % 0,8koa Bizkaian, % 1ekoa Gipuzkoan, eta % 0,6koa Nafarroan.
Espainiako Estatuan, KPIa zortzi puntu igo da abuztuko datuekin alderatuta, eta % 4 iazko datuekin alderatuta. Aurten, prezioak % 3,1 igo dira.
Gorakada horretan eragin handiena izan duten faktoreen artean argindarraren garestitzea dago, 2020ko irailarekin alderatuta etxebizitza taldearen prezioak % 14,5 igo baitira, abuztuan baino hiru puntu gehiago, eta igoera horrek berokuntzarako gasolioaren eta gasaren igoerak ere eragin ditu, iaz jaitsi egin baitziren.