Ekonomia -
Ekonomia Zirkularraren Plana
Eusko Jaurlaritzak % 10 murriztu nahi du hondakinak sortzeko tasa hiru urtean
Gobernu bilerak Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren 2024rako Plan Estrategikoa onartu du gaur. 45 milioi euroko aurrekontuarekin, alor horretako "Europako liderren artean" kokatu nahi du EAE.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren 2024rako bere lehen plan estrategikoa onartu du gaur. Besteak beste, 2024rako hondakinak sortzeko tasa % 10 murrizteko helburua du planak.
Planak 45 milioi euroko aurrekontua du. Zatirik handiena (32 milioi) Jaurlaritzak jarriko du, baina gainerako 13 milioiak Next Generation Europako funtsetatik eratorriko dira. Are, Europatik diru gehiago helduko balitz, programara batuko dituela iragarri du Jaurlaritzak.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak gobernu bileraren osten prentsaurrekoan azaldu duenez, asmoa da Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) arlo horretako "Europako liderren artean" kokatzea. Plana onartzeaz gain, dirulaguntza lerro bat ere onetsi du Jaurlaritzak, Next funtsekin finantzatuko dena. Urriaren 21ean zabalduko dute laguntzak eskatzeko epea, eta udalen eta enpresen proiektu zirkularrak eta hondakinen kudeaketaren ingurukoak diruz lagunduko dituzte.
Zehazki, honako ekimenak bultzatuko dituzte: gaikako bilketa berriak ezartzea, batez ere biohondakinena, eta daudenak hobetzera. Horrez gain, gaika bildutako biohondakinak tratatzeko instalazio espezifikoak edota gaika bildutako beste hondakin-fluxu batzuk berrerabilpen eta birziklapenerako prestatzeko instalazio berriak eraikitzea.
Planak erantzuna eman nahi die zenbait erronkari, hala nola: zirkularragoak diren negozio-eredu berriak sortzea; material (aurreratuak eta berriztagarriak), prozesu eta produktu berritzaileak sortzea; produktuen balio-bizitza luzatzea; lehengaiak gutxiago kontsumitzea eta hondakin gutxiago sortzea; kontsumo-eredu zirkularrago bat sustatzea; elikagaiak gutxiago xahutzea; plastikoak modu efizienteagoan erabiltzea; hondakinak berrerabiltzea, gehiago birziklatu eta berreskuratu; eta lehengai sekundarioak gehiago erabiltzea.
Tapiaren esanetan, Basque Green Deal, Euskadiko Itun Berdeari, "garapen eredu inklusibo eta iraunkorrari" bultzada emateko printzipioetako batzuk dira horiek. Planak bioekonomia du ardatzetako bat. Bioekonomian aritzen diren sektore ekonomikoek lur eta itsasoko baliabide biologiko berriztagarriak (hala nola, laboreak, basoak, animaliak eta mikroorganismoak) erabiltzen dituzte elikagaiak, materialak eta energia ekoizteko, baliabide naturalen kudeaketa irtenbide teknologiko berriekin uztartuz, "gaur egun erregai fosilez ekoizten duguna ordeztuko duen "produktu belaunaldi berri bat sortzeko".
Programak 11 jarduera ildo ditu. Aipatzekoak dira, besteak beste, material jasangarri berriak sortzea, produktu eta eraikinak ekologiaren arabera diseinatzea, kontsumo zirkularra bultzatzea edota elikagaien xahuketa eta plastikoen kontsumoa murriztea. Halaber, 53 ekintza zehatz diseinatu dituzte.
Plastikozko ontzien % 75, birziklagarriak
Era berean, borondatezko akordioak aurreikusi dira funtseko eragileekin, kontsumitzen diren plastikozko ontzien % 75 birziklagarriak iateko eta erabilera bakarreko plastikozko poltsa ez-birziklagarriak ezabatu ahal izateko.
Hondakinak tratatzeko teknologia berri eta efizienteagoak txertatzea eta garatzea ere dute helburu, eta hondakinak kudeatzeko sektore aurreratu bat Euskadin bultzatzea; eta material birziklatu eta berriztagarrien gidak prestatzea eta banatzea, eraikuntza-proiektuetan txertatzeko.