Ekonomia -

Argiaren faktura

Jaurlaritzak energiaren ekoizpenarekin eta sorkuntzarekin zerikusirik ez duten tasak kentzea proposatu du

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren arabera, argindarraren fakturatik tasa horiek kenduta, enpresek % 40-45 aurreztuko lukete.

Arantxa Tapia gaur goizeko prentsaurrekoan. Irudia: EITB Media
Arantxa Tapia gaur goizeko prentsaurrekoan
Arantxa Tapia gaur goizeko prentsaurrekoan. Irudia: EITB Media

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garanpen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak argindarraren tarifan ordaintzen diren hainbat tasa kentzea proposatu dio Espainiako Gobernuari, tartean, energiaren ekoizpenarekin eta sorkuntzarekin zerikusirik ez duten tasak. Horiek ezabatuz gero, enpresek % 40 eta % 45 artean aurreztuko lukete.

Tapiak agerraldia egin du Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren bileraren ostean, eta energiaren kostuak industrian izan dituen ondorioengatik kezka agertu du; izan ere, besteak beste, Sidenor altzairugintza enpresak Basauriko lantegiko ekoizpena geldituko du aldizka Gabonak arte, argindarraren garestitzearen ondorioz.

Konpainiaren arabera, urtebetean % 300 baino gehiago igo da argindarraren prezioa, megawatt-orduaren prezioa 60 eurotik 260ra igaro baita.

Horrela, Tapiak azpimarratu duenez, beharrezkoa da neurriak hartzea, argindarraren garestitzeak industriari eta Europako, Espainiako Estatuko eta Euskadiko familiei eragiten dizkien arazoei aurre egiteko.

Horren harira, sailburuak iragarritakoaren arabera, Jaurlaritza txosten tekniko bat prestatzen ari da, eta datorren astelehenean Europako Batzordearen eta Espainiako Gobernuaren esku jarriko du.

INTERESEKOA: Zeintzuk dira herritarrek argindarraren ordainagirian pagatzen dituzten zergak?

Faktura elektrikoan jasotako tasak aldi baterako kendu eta/edo atzeratu beharko lirateke, hala nola berriztagarrien primak, penintsulaz kanpoko kostu estrak eta tarifa-defizitaren urterokoa, eta Estatuak bere gain hartu beharko lituzke zuzenean, horren esanetan.

Nahiz eta neurri horren onura handiena gastu elektriko handiena duten enpresek jasoko luketen, etxeko kontsumitzaileei tasa horiek kentzea baloratu beharko litzatekeela uste du sailburuak.

Horren hitzetan, energiaren prezioak ez du eguneko prezioari lotuta egon behar, baizik eta kostu egonkorrago bati, adibidez, urteko tarifari. Prentsaurrekoan, gas eskaria eskaintza baino handiagoa dela gogorarazi du, eta, horregatik, "negu gogorra" etor daitekeela esan du.

Espainiako Gobernuak azaroan edo abenduan erabakiko du argindarraren igoeraren aurkako neurri fiskalak mantendu ala ez

Maria Jesus Montero Ogasun ministroak azpimarratu duenez, 2022ko Estatuko aurrekontu orokorrek "erraz" eutsi diezaiekete neurri fiskalei, horiek luzatzea beharrezkoa balitz. Hala ere, "azarora edo abendura" arte ez dute erabakiko energiaren igoerei aurre egiteko neurriak luzatu ala ez, iragarri duenez.

2020ko kontu publikoak Diputatuen Kongresuan aurkeztu ditu Ogasun ministroak. Data horretan neurriei eutsi ala ez eta zenbat denboraz izango litzateke erabakiko du Exekutiboak, baina ordurako herrialde guztiei eragiten dien igoera arintzeko Europak erreformak aurrera eramatea espero du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea