Ekonomia -
Protestak
Itzalaldia eta lapiko-hotsa argindarraren prezioaren igoeraren kontra Euskal Herrian, Katalunian eta Galizian
Gainera, goizean elkarretaratzea egin dute Iberdrolako egoitza nagusiaren aurrean, Bilbon, deskonektatu.eus plataformak deituta, “konpainia elektrikoen lapurreta” salatzeko.
EiTB Media
Kolektibo sozialek, sindikatuek eta alderdiek argindarraren prezioaren igoeraren aurka protesta egiteko mobilizazioekin bat egin dute ostiral honetan. Energia elektrikoa esku publikoetan gelditzea eskatu dute.
Eskubide Sozialen Kartak eta Parlamentu Sozialak mobilizazioa deitu dute, "Argi dugu: zuen etekinak, gure iluntasuna" lelopean. "Gizartearen beharrizanak gastuaren lehentasuna izatea", aldarrikatu dute.
ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek itzalaldiarekin eta lapiko jotzearekin bat egin dute. Horrela, 22:00etatik aurrera ordu erdiko itzalaldia babestu dute, "Euskal Herria, Katalunia eta Galiziako kaleak argiz hustu eta zarataz betetzeko".
Deialdiak oihartzun zabala izan du Euskal Herrian, eta hainbat herritarrek, ostalarik zein udalek bat egin dute itzalaldiarekin. Bilbon, ezustean, Alde Zaharreko kale batzuk argirik gabe izan dira itzalaldiak iraun duen ordu erdian:
deskonektatu.eus-en deialdia
Goizean elkarretaratzea egin dute Iberdrolako egoitza nagusiaren aurrean, Bilbon, deskonektatu.eus plataformak deituta, "konpainia elektrikoen lapurreta" salatzeko.
"Mobilizazioari esker, herri honek Lemoiz gelditzea lortu zuen. Bakarrik horrela geldiarazi ahal izango dugu enpresa energetikoen mehatxua", adierazi du Sortuk, bere aldetik, ohar batean. "Mafia hori gelditzea", eskatu du, eta energia sektorea "esku publikoetan, jendearen zerbitzura" egotea, "hori subiranotasuna izatea delako".
Konpainia elektrikoen oligopolioari "aski da" esateko ordua iritsi dela esan du, berriz, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak. Zentzu horretan, azken urtean argindarraren prezioak % 630 gora egin duela azpimarratu du.