Ekonomia -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Eusko Legebiltzarrak Ekarpen Lege berria onartu du, oposizioaren kritiken artean

Foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean zerga-sarrerak nola banatzen diren arautzen da Ekarpen Legearen bidez. Oposizioko alderdiak aurka agertu dira eta EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin soilik atera da aurrera.

Hiru ahaldun nagusiak, Azpiazu, Urkullu eta Eudeleko presidentea Legebiltzarraren kanpoan. Irekia
Hiru ahaldun nagusiak, Azpiazu, Urkullu eta Eudeleko presidentea Legebiltzarraren atarian
Hiru ahaldun nagusiak, Azpiazu, Urkullu eta Eudeleko presidentea Legebiltzarraren kanpoan. Irekia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak gaur onartu du 2022-2026 aldirako Ekarpen Lege berria, 10 urteko blokeoari amaiera jarrita. Oposizioak bat egin du legearen aurka eta, ondorioz, gehiengo osoa duten EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin bakarrik atera da aurrera. Ekarpen Legea da, hain zuzen ere, foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean zerga-sarrerak nola banatzen diren arautu eta metodologia zehazten duena. Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak aurkeztu ditu lege-aurreproiektu berriaren xehetasunak legebiltzarkideen aurrean. 

Osoko bilkurari hasiera eman dion hitzaldian, Pedro Azpiazuk legearen garrantzia azpimarratu du euskal erakundeei kohesio handiena ematen diena dela iritzita: "Ziur nago Foru Aldundiak, tokiko erakundeak eta Eusko Jaurlaritza gai izango garela bikaintasuna lortzeko euskal herritarren ongizatea beste edozein gauzen gainetik jartzeko". Gaineratu duenez, Ekarpen Lege berria erakundeen arteko elkarlan trinkoaren emaitza da. Aitortu du ez dituela erakunde guztiak guztiz asebetetzen, baina posible den araurik onena dela. Gainera, akordioa ahalbidetu duen erakundeen arteko elkarlan estua goraipatu du. Halaber, aurrekontu publikoei "sendotasuna eta ziurtasun handiagoa" emango diela ere ziurtatu du.

Oposizioko taldeek prozedura kritikatu dute, ezin izan baitute tramitazioan zehar zuzenketarik aurkeztu. Gaineratu dutenez, lege berriarekin ez dira konpontzen erakundeen finantzaketan dauden desadostasunak eta desorekak.

Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak gogor hitz egin du: "Sabin Etxeko bulego batean itxi egin da akordio hau, 10 urte luzeren ostean ia ezer ez aldatzeko eta duela 10 urte mahai gainean zeuden arazoak konpondu gabe uzteko". Gaineratu dienez, ez die egonkortasun finantzariorik bermatzen udalei.

David Soto Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak, bere aldetik, aukera bat galdu dela eta aurrekontuen desoreka "betikotzen" eta udalak "zigortzen" dituela esan du.

Luis Gordillok (PP+Cs) testu opakoa dela salatu du eta Amaia Martinezek (Vox), azkenik, berriz, arauak "probintzien arteko desberdintasunak" berresten dituela eta Eusko Jaurlaritzaren "gainfinantzaketan eta zentralismoan" sakontzen duela.

Pedro Azpiazu

Zure interesekoa izan daiteke: Ekarpen Legearen gakoak

Ekarpen Lege berriak jasotzen duen aldaketa nabarmenena "koefiziente bertikala" (zergetatik Jaurlaritzak jasotzen duenari esaten zaio) deiturikoaren moldaketa da. Aurrerantzean, zergetatik bildutakoetatik apur bat gehiago (% 0,8 gehiago) jasoko du Jaurlaritzak, % 70,04tik % 70,81era igaroko baita. Azken urteetan bere gain hartu dituen eskumenak konpentsatzeko egin dute igoera hori. Aldundi bakoitzak EAEko gobernuari ematen diona ("koefiziente horizontala"), ordea, ez dute ukitu. Kasu horretan, Finantzen Euskal Kontseiluak ezarri ohi du. Gaur-gaurkoz, Arabak % 16 ematen dio Jaurlaritzari, Gipuzkoak % 33,06 eta Bizkaiak % 50,94.

Beste doikuntza Egokitzapenerako Funts Orokorrean egin dute, % 1etik % 1,45era igo baitute. Igoera horren bidez, aldundi bakoitza bere koefiziente horizontalaren % 99ra heltzen dela ziurtatu nahi dute, lurralde historikoentzako "bermeak handituz".

Bestalde, itundutako zergetan udalek duten gutxieneko partaidetzaren ehunekoa ere handitu dute: % 39,23koa izango da aurrerantzean.

Gaur Eusko Legebiltzarrak lege berria onartu ondotik, hurrengo ostegunean elkartuko da Finantzen Euskal Kontseilua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Bizkaia Bizkaiko albisteak Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra bideoak EAE albisteak Alderdi politikoak berriak Ekonomia EH Bildu Nafarroa PSE-EE Bizkaia Euskadiko PP bideoak Euskadiko Ciudadanosi buruzko albisteak Eguneko albisteak Albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak Vox