Ekonomia -

235 GREBA EGUN

Tubacexeko langileen erdiak lanera itzuli dira 236 eguneko grebaren ondoren

06:00etan ekin diote berriro lanari Amurrioko eta Laudioko lantegietan. Gaur-gaurkoz, 340 dira lanean hasi diren beharginak enpresak ezarritako aldi baterako lan erregulazioko espedientea tarteko.

Bengalekin egin diete harrera lanera itzuli diren Tubacexeko beharginei. Argazkia: @Boulevardeitb
Bengalekin egin diete harrera lanera itzuli diren Tubacexeko beharginei
Greban zeuden Tubacexeko langileak Laudioko eta Amurrioko lantegietara itzuli dira

1:03

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

236 egun iraun duen grebaren ondotik, gaur goizeko seietan lanera itzultzen hasi dira Amurrioko eta Laudioko Tubacexeko langileak. Dena dela, oraingoz ez dira guztiak bueltatuko, erdia inguru (340 inguru guztira) baizik, enpresak ezarritako aldi baterako lan erregulazioko espedientea tarteko.

Atzo arratsaldean sinatu zuten lan gatazkari amaiera ematen dion akordioa Tubacexeko zuzendaritzak eta enpresa batzordearen gehiengoak (ELA, CCOO eta ATAL), Bilbon. Hasieran espero baino babes zabalagoa jaso zuen itunak; izan ere, enpresa batzordea osatzen duten 13 kideetatik 8k (ELA, CCOO eta ATAL) alde bozkatu zuten, eta bostek (LAB eta STAT), berriz, aurka. Hortaz, CCOOk egindako proposamena baztertu eta akordioa berresteko langile guztien artean bozketa egitea ukatu zuen enpresa batzordeak.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabe utzi zituen zuzendaritzak enplegu-erregulazioko espedientearen baitan egin zituen 129 kaleratzeak. Lan gatazkari amaiera ematen dion akordioaren baitan, Tubacexek Auzitegi Gorenean jarritako errekurtsoa kentzeko konpromisoa hartu du, eta ez da behartutako kaleratzerik izango. Alabaina, 40 orduko lanastea izango dute, 2025era arte izoztuta izango dute soldata eta langileen erretiroetarako BGAEari egiten zaion ekarpena % 4tik % 1era jaitsiko da.

Greba otsailaren erdialdean abiatu zen, enpresako iragarritako enplegu-erregulazioko espedientearen harira.

Lan gatazkaren amaierak berehalako eragina izan du burtsan, izan ere, Tubacexen akzioek ia % 4 egin dute gora.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Araba Grebak EAE Tubacex Lana berriak Laudio Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Lan gatazkak azken ordukoa Industriaren azken ordukoak Burdingintza Gorobel magaleko kuadrilla